Urrezko Ligari ekin zioten asteburuan Burdinola Irristaketa Klubeko senior neskek. Espainiako Irristaketa Federazioak antolatutako txapelketaren baitan, Valentzian itzuli ziren lehiara. Bi neurketa jokatu zituzten, biak ala biak aurkari gaztelarren aurka.
Iscarreko Lobas-Granja Pinilla taldearen aurka ekin zioten lehiaketa ofizialari. Taldeko arduradunen hitzetan partidu "parekatua" izan zen arren, atzetik aritu ziren bergararrak uneoro; horren adibide, 1-3 joan ziren atsedenaldira, eta 2 eta 4koarekin amaitu zen norgehiagoka.
Handik ordu gutxira izan zuten neskek arantza ateratzeko aukera, larunbat arratsaldean bertan jokatu baitzuten Valladolideko CPLV Panteras UEMC talde indartsuaren aurka bigarren neurketa. Pasa den urteko liga txapeldunei hortzak erakutsi zizkieten aurretik jarriz (0-1), eta atsedenaldirako gaztelarrek markagailua irauli zuten arren (2-1), bergararrek ez zuten etsi (2-2). Azken minutuetan, baina, gehiago izan ziren CPLVko neskak (4-2).
Abenduan, Lugora
Saguntotik esku hutsik itzuli arren, hilabeteren buruan izango dute Burdinolako senior neskek sailkapenean puntuak biltzen hasteko aukera. Izan ere, abenduaren 11an eta 12an jokatuko dira Urrezko Ligako datozen hiru neurketak. Bergararren kasuan, Galizian jantziko dituzte patinak, eta ASME Tucans kataluniarren, etxeko CP Lostregos Lucus taldearen eta Angels Saguntoko valentziarren aurka neurtuko dituzte indarrak.