Otsailaren 18an iritsi zen Martera NASAren azken roverra: Perseverance. Mars 2020 misioaren helburuetako bat planeta gorriko arroken laginak biltzea da, bertan bizitzarik izan ote den jakiteko. Barakaldon jaiotako Ricardo Hueso fisikariak horren inguruan jardungo du Bergaran, eta misioaren erronkak eta hasierako aurkikuntzak aztertuko ditu.
Hueso Zientzia Fisikoetan doktorea, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea, astrofisikaria eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kidea da. Bere ikerketetan eguzki sistemako atmosferadun planeta guztiak hartu ditu. Bestetik, ehun argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu eta hainbat misio espazialen talde zientifikoko kide da; besteak beste, Mars 2020koa.