Joseba Elortza: "Partidua ez da kantxa barrutik berdin ikusten"

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 29a, 18:00

Joseba Elortza da BKE eskubaloiko talde nagusiko entrenatzailea.

Bergarako klubean harrobitik egin dute tira talde nagusiaren ardura izango duen pertsona aukeratzeko. Hala, Joseba Elortzak (Bergara, 1996) aitortu du hasieran errespetua eman ziola baiezkoa emateak, baina jokalariek ederto hartu dutela taldean. Hala ere, ez dio eskubaloian jokatzeari utzi: bigarren taldean dihardu aurten; hor, Josetxo Muniategiren aginduetara.

Lehenengo taldeko entrenatzailea zara, eta bigarren taldeko jokalaria.

Kuriosoa da. Iaz, lehenengo taldeko jokalari nintzen eta bigarren taldeko entrenatzailea, eta orain, jokalari moduan pisu txikiagoa dut, eta ardura handiagoa entrenatzaile moduan. Dena dela, Josetxok urteak zeramatzan lehenengo taldeko entrenatzaile lanetan, eta normalagoa da proposamena bigarren taldeko entrenatzaileari egitea harrobian talde oso gazte batekin lanean dabilenari baino.

Gaztea zara, baina, goiko taldean entrenatzaile jarduteko.

Bai; horrek ematen zidan errespetua: ni baino dezente nagusiagoak diren jokalarien entrenatzailea naiz. Hasieran, ezetz esan nion Josetxori, baina animatu egin ninduten gero. Aldaketek beti sortzen dute ilusio berritua, Josetxoren erabakia ere ez da sorpresazkoa izan, eta jokalariak jakitun ziren niri egin zidatela proposamena. Oso ondo hartu naute.

Jokalariaren eta entrenatzailearen ikuspuntuak dituzu; ze rol da errazagoa?

Jokalari moduan dena ematera irteten gara kantxara, ondo entrenatzen saiatzen gara... Baina hor amaitzen dira ardurak. Entrenatzaileak gauza asko izan behar ditu kontuan, eta partidua amaitzearekin batera buruari bueltak ematen jarraitzen dugu, zertan hobetu beharko genukeen, zer egin dugun ondo, zer txarto...

Partiduak berdin ikusten dira kantxa barrutik eta kanpotik?

Ez; jokalaria zarenean, ez duzu ikuspuntu orokorrik izaten, egiten ari zaren lanaz baino ez zara jabetzen, jokatzeaz arduratzen zara. Akaso, taldekideekin alderatuta beste gauza batzuetaz konturatzen zara, baina entrenatzailea da, kasu honetan, Josetxo, kanpotik gauzak askoz ere hobeto ikusten dituena. Kantxa barruan partiduaren gaineko ikuspuntu mugatua izaten da.

Entrenatzaile lanetan zaudenean, eskertuko duzu Josetxoren esperientzia.

Zalantza barik; azken batean, nire entrenatzailea ere bada, eta gauza asko kontsultatzen dizkiot, bere ikuspuntua jaso. Baina hark ere esaten dit nire bidea egin behar dudala, bestela gauza bera egiten amaitzeko arriskua dago eta. Dena dela, 25 urte bete berri ditut, eta oraindik asko dut ikasteko.

Lagungarria izango da, baina, entrenatzailea aldatu eta liga horren txukun hastea.

Oso lagungarria da, zalantza barik. Egia da denboraldiaurre ona egin genuela, partidu guztiak irabazi genituen, eta, liga hasieran, bolada haren jarraipena izan dugu. Ordiziaren kontra, esaterako, oso partidu ona egin genuen, eta aurrean ibiliko den taldea da, seguru (29-37).

Pena asteburuan Tolosaren kontra galdu izana...

Bai; azken asteotan, defentsan zailtasunak izan ditugu. Baina Tolosaren kontra normalean baino gol gutxiago egin genituen, eta hor egon zen gakoa. Azkar jokatzen duen taldea da, gol asko egiten dituena, eta hor asmatzen ez dugunean...

Mailari eustea izango da helburua?

Bai; urtarril amaieran amaituko da lehen fasea, eta sei onenek igoera fasea jokatuko dute. Ederra litzateke horrako sailkatzea, jaitsiera faseak dakarren presiorik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak