Pasa den asteburuan Espainiako Irristaketa Federazioak antolatutako liga txapelketei eman zitzaien hasiera gizonezkoen gorengo hiru mailetan zein emakumezkoen lehen mailan. Bada, txapelketa bakarra falta da stickak eskutan hartu, pilota lurrera bota eta lehiari ekiteko: senior nesken Urrezko Liga. Eta estatuko lerroko patineko hockeyaren bigarren maila horretan ariko dira, hain zuzen, Bergarako Burdinola Irristaketa Klubeko neskak.
Valentziako Sagunto udalerrian jokatuko dituzte asteburu honetan lehen bi neurketak. Sei ekipoko bi taldetan dago banatuta txapelketa, eta bi asteburutan jokatuko dituzte talde berean egokitutako kluben aurkako neurketak: urriaren azken honetan, eta abenduaren 11an eta 12an. Gabonen ostean etorriko da bigarren fasea.
Gaztelarrak aurkari
Larunbat goizean jokatuko dute lehen neurketa, 10:00an, zehazki, Iscarreko Lobas-Granja Pinilla taldearen aurka. Eta atsedenerako tarte askorik gabe, arratsaldeko 16:00an irtengo dira berriz kantxara; kasu honetan, Valladolideko CPLV Panteras UEMC izango dute aurkari, pasa den urteko liga txapeldunak, hain zuzen.
Taldeko arduradunek adierazi dutenez, "erronka handia da jokalarientzat", baina "talde indartsuen kontra" jokatu arren, "garaipenaren bila" irtengo dira Burdinolako jokalariak.