Hasi berriak eta ibilbide luzeko musikariak bat, Seminarixoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urr. 24a, 15:02

Martxoan argitaratu zuen Besterik ez estreinako bakarkako diskoa aurkeztu zuen Ekiñe Casado arrasatearrak atzo, zapatua, Bergarako Seminarixoan, eta Berako musikari Pettik, berriz, Manipulazio estrategiak izenekoa.

Ez zen aretoa lepo bete, ezagun zen herrian beste ekitaldi batzuk zeudela ordu berean, Pettik bere emanaldia hastekoa zela aipatu zuen moduan: "Gaztetxean daude hemen ez dauden asko", eta gogoz ekin zion bere Manipulazio estrategiak diskoko lehen kantua Zaldi emozionalak abestiarekin.  Ordu eta erdiko saioa eskaini zuen Etxeko Uzta taldea, Juantxo Zeberio piano-jolea eta Et-incarnatus orkestrako txelo-jolea taularen gainean lagun zituela.

Harkaitz Canok Noam Chomsky pentsalariaren ikerketatan oinarrituta sortutako hitzak musikatu ditu Berako musikariak iaz argitaratu zuen lanean, eta disko berria izan zuten atzoko emanaldian oinarri, baina kantu zaharragoei ere tokia eginda. Eta horien artean izan zen sorpresarik, esaterako, garai bateko Hertzainak taldeko kide Josu Zabalaren kolaborazioa; taularen gainera igota, elkarrekin kantu bana eskaini zuten Pettik eta Zabalak, gitarra batek, eta trikitia eskuetan zuela, besteak.

Atzo, zapatua, Seminarixoan aurkeztu zuen Manipulazio estrategiak lana Berako musikariak.

Ekiñe Casado, "puntako" teloneroa

Arrasateko musikari gazteak martxoan argitaratu zuen bakarkako Besterik ez diskoaren aurkezpenarekin ekin zioten atzoko emanaldiari. Seminarixora sartzean, "tokiarekin harrituta eta beldurtuta" geratu zela aitortu du Arrasatekoak, baina lehenengo kantua jo orduko sentsazioak aldatu eta "oso gustura" jardun zuela gero. "Ez nago halako toki handietan jotzen ohituta eta, nire txikitasunetik, handi samarra egin zitzaidan hasieran, baina oso eroso egon nintzen gero. Plazera da niretako miresten ditudan musikariekin oholtza partekatzea".

Ekiñe Casado, Seminarixoan eskaini zuen kontzertuan.

Ordu erdi inguruko emanaldia egin zuen Casadok; bere gitarra lagun zuela Besterik ez lana izan zuen oinarri, Silvio Rodriguezen Te doy una cancion abestiari ere tokia eginda. Bere lanak bukatuta, Petti eta bere taldekideen doinuak entzuten, "asko gozatu zuela", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak