Markel Agirre: "Gehien baloratzen duguna jendearekiko harremana da"

Jone Olabarria 2021ko urr. 22a, 14:06

Bere lana "pasioz" bizi duela aitortu du Markel Agirrek; betidanik autogintzari lotuta, Bergaran lan egiteko aukera baloratzen du bereziki, baita bezeroekin harremana ere.

Herrian pneumatikoetan espezializatutako tailer bat falta zela-eta, kamioiarekin lan egiteari utzi eta bazkide batekin batera jarri zuen martxan negozioa Markel Agirre bergararrak, duela hamar urte baino gehiago. Gurpilek ezberdintzen dituzte, baita bezeroekin dute tratuak eta konpromisoak ere.

Gurpiletan espezializatuta, zulatze asko konponduko dituzue...

Bai, dezente. Eta denetik ikusi dugu, ez pentsa. Normalean, iltzeek, kristalek eta halakoek eragindako zulatzeak izaten dira, baina behin, zapata baten takoia, takoi altu eta zorrotz horietako bat, oso-osorik agertu zen gurpil baten barruan.

Betidanik egon zara autoekin harremanetan?

Auto lasterketetan ibilitakoa naiz, eta aurretik ere kamioiarekin lan egiten nuen. Niretzat lan hau pasioa da.

Zerbait txarra, baina, izango du lan honek?

Leku guztietan bezala, hona ere etortzen da jende desatsegina, eta, batzuetan, zaila izaten da halakoekin tratatzea. Baina, era berean, jendearekin dudan tratua ere nire lanetik gehien baloratzen dudana da. Kalera joateko beharrik ia ez dugu hemen; batzuk joan, beste batzuk etorri, honek hau kontatu, besteak herriko txutxu-mutxuak...

Lankideen artean ere giro ederra igartzen da hemen...

Pasioa partekatzen dugu, eta oso ondo konpontzen gara gure artean. Joan den astean ere, astelehenean eta martitzenean lan egitea erabaki genuen; egubakoitza libratu eta asteburu-pasa Kataluniako rallya ikustera joan ahal izateko lankide guztiak.

Izenean ere herria presente; nolako garrantzia du zuendako Bergaran bertan egoteak?

Balio izugarria du. Nik asko baloratzen dut etxetik gertu lan egitea, bazkaltzera etxera joan ahal izatea, lagunak eta gertukoak etortzea gurera... Guretzat betidanik izan da oso garrantzitsua etxetik gertu egotea.

Bezeroei dagokienez, zein da arrakastaren gakoa? Zer baloratzen dute gehien?

Bezeroak lanen bat egiteko datozenean, noizko bukatuko dugun esaten diegu; ordubete, bi ordu edo egun bat beharko dugun. Bezeroak badaki noizko izango duen autoa berriro, eta antolatzeko aukera ematen dio.

IAT (ITV) hemen bertan egonda, konponduko dituzue momentuan ere jendearen arazoak...

Bai; askori gertatzen zaie, IAT pasatzera etorri eta kontu txikiren batengatik atzera bota izana. Hona etorri eta azkar
konpontzen saiatzen gara, bueltaka ibili behar ez izateko gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak