Herrikideen aurrean estreinatu du Mikel Laskurainek bere antzezlan berriena

Txomin Madina Milikua 2021ko urr. 16a, 17:47

Atzo estreinatu zuten Bergarako Seminarixoan Kottauak, Mikel Laskurain eta Ane Gabarain protagonista dituen antzezlana. Bergararra gustura dago herrikideek egindako harrerarekin.

"Ikustera joan direnek esan digute oso ondo pasatu dutela, eta guk ere somatu genuen hori. Gu konforme geratu ginen, eta uste dut publikoa ere baietz. Hori normalean batera joaten da", adierazi du Mikel Laskurain aktore bergararrak atzo Seminarixoan Kottauak antzezlana estreinatu ostean. Getari Etxegaraik zuzendutako komedian Ane Gabarain da Laskurainekin batera protagonista.

Bergarako aktoreak ez du gogoratzen herrian beste obrarik estreinatu duen ala ez, baina atzo bezala herrikideen aurrean aritzea beti berezia dela dio: "Kuadrillakoak, familiakoak... Horrek beti sortzen du ardura gehiago. Dena den, urteekin lasaiago hartzen duzu. Ez zara guztiz ohitzen, baina...".

Neurri murriztailerik gabe

Publikoak maskara zeramana arren edukiera aldetik neurri murriztailerik gabeko lehenengotako emanaldia izan da Mikel Laskurainentzat, eta hori igartzen dela nabarmendu du: "Ez dakit guztiz bete zen atzo Seminarixoa, baina hala izan ez bazen, gutxigatik izango zen. Eta nobedadea, butaka guztiak ez erabiltzeko ikur barik ikustea izan zen. Horrek motibatu egiten zaitu. Entseguetan publiko gabe zabiltza, eta jendaurrean aritzeak beste sentsazio batzuk dituzu: publikoak berak eroan egiten zaitu, beste erritmo bat eskatzen dizu eta konturatu gabe eman egiten duzu hori".

Atzoko estreinaldiaren ostean gaur izango da Kottauak-en hurrengo emanaldia, Arrigorriagan hain zuzen ere. Debagoienean, momentuz, ez dute beste hitzordurik ikuskizun berriarekin. "Ea inguruko herrietakoak tentatzen ditugun..." dio Laskurainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak