Net Groupen baitan dagoen Royde S. Coop enpresako gizartearekiko konpromiso taldeko kide Garbiñe Sarasketak nabarmendu du boluntarioak lortzeko lanean dihardutela. "Aurten, Katxalin gurekin harremanetan jarri da eta berehala hasi ginen lanean. Bi lazoak gure lankide batek egin ditu eta horrez gain, boluntario lana ere egingo dugu. Premia handia egoten da halako ekintzetan, eta haiek asko eskertzen dute".
Laguntza hori eskertu du, hain zuzen, Katxalin elkarteko Maixabel Mendizabalek. "Laguntza handia eman digute, gure babesle ere izango dira eta oso eskertuta gaude", azaldu du.
Era berean, Zihortza Marzan Ongizate zinegotziak Katxalin elkarteak egiten duen lana azpimarratu du. "Gaitza diagnostikatzen diotenei prozesu guztian ematen dieten babesa eskertu nahi diegu. Lan hori ez balitz egongo, askoz ere zailtasun gehiago izango lituztekelako prozesu horretan". Gaineratu du "ezinbestekoa" dela urriaren 19koa bezalako egun bat egitea. "Minbiziaren errealitatea ikustarazteko balio du eta Katxalinek izugarrizko lana egiten du horretan".
Azkenik, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira egingo dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Mahai informatiboak, urriaren 23an
Datorren zapatuan, urriaren 23an, Bergarako lau puntutan jarriko dituzte mahai informatiboak eta diru bilketa ere egingo dute, gaixotasunaren ikerketan diharduen Biodonostia enpresara bideratzeko. "Iaz ezin izan genuen ezer egin, baina duela bi urte 30.000 euro bideratu genituen ikerketara", dio Mendizalek.
Gaineratu du edozeini laguntzeko prest daudela eta Katxalin elkartera jotzeko beldur barik. "Adibidez, Bego & Marije ile-apaindegian gorroak edota ileordeak izaten ditugu, beharra dutenek erabil ditzaten".
Arrosa kolorez apaintzeko deia
Urriaren 18tik 24ko astean erakusleihoak, balkoiak edota terrazak arrosez apaintzeko deia egin du Katxalin elkarteak, "bularreko minbizia ikustarazteko helburuarekin". Era berean, argazkiak sare sozialen bidez zabaltzeko deia ere egin dute, #VistedeRosa21 traola erabilita.
Martxa solidarioa, urriaren 31n
Bestalde, Katxalin elkartearen martxa solidarioa egingo dute, zazpigarrenez, urriaren 31n, Donostian. 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik. "Urriaren 29ra arte eman daiteke izena eta kamisetak erosteko aukera ere egongo da, Arrasateko Eroski hipermerkatuan". Halaber, donut solidarioak ere jarriko dituzte salgai Donostiako Aramendia okindegian.
Antzezlana, Donostiako Tabakaleran
Urriaren 20an, eguaztena, El pez antzezlana egongo da Donostiako Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan, 17:30ean hasita. Bularreko minbizia daukan emakume bati buruzko istorioa kontatzen du lanak. Gaitzak bere bizitzan izan duen eraginaz hausnartzen du, aurrera egiteko indarra hartuz.