Landutako garaipena eskuratu du Bergarak Touringen aurka (3-2)

Josu Bilbao Atxutegi 2021eko urriaren 9a

Denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du Bergara Kirol Elkarteak Errenteriako Touring taldearen kontra, Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan. Garaipenaren gola 90. minutuan egin dute mahoneroek.

Sailkapeneko seigarren postura egin du jauzi Bergarak, 7 punturekin, Agorrosinen garaipen garrantzitsua lortu ostean. Hala ere, Manolo Ortizek zuzentzen duen taldeak, akats nabarmenak egin ditu atzealdean, beste behin, eta horrela 0-1 markagailuan aurretik jarri dira Errenteriakoak. Atsedenaldiaren ostean heldu da talde mahoneroaren erantzuna (1-1), baina defentsako beste akats baten ostean, Touring berriz ere aurreratu da norgehiagokan.

Bergarak berriro lortu du markagailua berdintzea (2-2) erasoan aukera ugari izan ostean, eta garaipenaren gola 90. minutuan eskuratu du etxeko taldeak, neurketaren azken minutuan, alegia.

"6-2 irabazteko partida izan da aukerei dagokionez, baina ez dugu hiru zutoinen artean ondo asmatu. Hala ere, taldearen jarrera sekulakoa izaten ari da, neskak ez dute amorerik ematen. Aurrera begira defentsako akats txiki horrek besterik ez ditugu hobetu behar", azaldu du partidaren ostean Manolo Ortiz prestatzaileak.

Ohorezko Erregional mailan dago Leintz Arizmendi taldea ere, baina jardunaldi honetan, atseden hartzea egokitu zaio Debagoieneko beste taldeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak