Kalean da Diablues Ta Bluezifer taldearen 'Gure urdina' diskoa

Jone Olabarria 2021ko urr. 1a, 12:48

Bikoaren bigarren diskoak zortzi abesti ditu, eta euskal kantuen letren eta blues doinuen nahastea da.

"Triste bizi naiz, eta hilko banintz hobe. Bururatzen zaizue blues kantu baterako izenburu hoberik?". Gogoeta hori izan zen Gure urdina diskoaren abiapuntua, eta hari horri tiraka iritsi dira Asier Elorzaren eta Mikel Etxeberriaren lana osatzen duten zortzi abestiak: "Bi kultura fusionatu nahi izan ditugu. Jaiotzatik arnastu dugun euskal kultura eta gure gustuengatik aspaldi adoptatu genuen blues afroamerikarra".

Euskal letrak oinarri

Hain zuzen ere, euskal kantuak "oinarri eta esentzia" direla azaldu du taldeko kide Asier Elorzak: "Euskal kantutegi zaharraren letra oso ondo egokitzen da bluesera. Oso tristea da, eta, azken batean, hori da bluesa, esklaboen kantu tristea". Euskal kantuak oinarri diren arren, "beste forma guztiz ezberdin batekin" aurkituko ditu entzuleak Gure urdina diskoan: "Kaxiano, Urretxindorrak eta beste hainbat euskal musikariren letrak batzen ditu, baina kosta egingo zaie identifikatzea". Irailean, Kristo erruki taldearen bigarren diskoaren aurkezpen-bideoklipa aurreratu zuten, "arrakasta handiz".

Aurkezpen kontzertua

Azaroaren 20an egingo dute aurkezpen kontzertua, Seminarixoan. "Berezia" izango dela iragarri dute, eta "sorpresa ugari" egongo direla. Hortik aurrera bailarako herrietan ere emanaldiak eskaintzea gustatuko litzaiekeela azaldu dute. Zortzi eurotan, Oskar Vicenteren diseinua daraman diskoa salgai dago Ganbara tabernan, Lazkano zapata dendan eta dia-bluestabluezifer@gmail.com helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak