Zihortza Marzanek "ilusioz eta gogotsu" hartu du zinegotzi kargua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ira. 28a, 17:05
Zihortza Marzan, atzo, udaletxeko balkoian.

Atzo egin zuten iraileko ohiko osoko bilkura Bergaran. Tramiterako bilkura izan zen, funts handirik gabekoa, eta gai aipagarrienen artean dago, besteak beste, Zihortza Marzanek hartu zuela zinegotzi kargua EH Bildutik: "Lantalde ona topatu dut, eta horrek asko arindu dit hasierako lana". Itsasne Luarizaristi ordezkatu du Marzanek.

Zihortza Marzanek EH Bilduko zinegotzi kargua hartu zuen, Itsane Luarizaristi ordezkatuta. Legeak hala behartzen duelako esanda egin zuen zin zinegotzi moduan eta dio "gogotsu eta ilusioz" hartzen duela erronka berria.

Gainera, EH Bilduko Kristina Markinak orain arte karguari aitortua zion dedikazioari lan arrazoiengatik uko egin diola jakinarazi zitzaion udalbatzari eta baita ere EAJko Maite Agirrek amatasun baja duen bitartean Irune Galarragari delegatu ziola botoa eta bozeramaile izateko ardura.

Atzoko bilkura semipresentzialeko une bat.

Aranzadi ikastolaren maileguaren luzapena, aho batez

Horrez gain, Aranzadi ikastolak Udalaren jabetzakoa den eraikinerako mailegua ordaintzeko epea luzatzea erabaki zuen Bergarako udalbatzak atzoko osoko bilkuran, aho batez. Hala, ikastolak ordaintzeke dituen 1.204.930 euroak 2029a baino lehen kitatu ordez, 2036ko martxora arte luzatuko da epea.

Aranzadi Ikastolak 2021eko irailaren 22an idatzi bat aurkeztu zuen udaletxean, 2021eko ekainaren 30ean ordaintzeke gelditzen den kopurua 2029a baino lehen kitatu ordez, luzapena sinatzen den egunetik 15 urtera kitatzea eskatuz, eta udala jabea denez horri onarpena ematea.  2036ko martxora arte luzatuko da epea. EAJk, alde bozkatu arren, gaia "behar den moduan" lantzeko denbora gehiago eskatu zuen: "Gai garrantzitsua da, denboraz tratatu behar dena. Inportantea da halako gaiekin denboraz ibiltzea".

Hiri barruko taxien tarifak

2022rako taxien hiri barruko tarifen eguneratzea izan da bileran landutako beste gaietako bat. 2021ean indarrean zeudenei %2,9ko igoera aplikatzea onartu da. Udal Gobernuak eta EAJren udal taldeak zerbitzu publiko horren inguruko hausnarketa egin beharra adierazi zuten batzarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak