Hawaii, behin eta berriro atzeratutako ametsa

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 25a, 10:09

Mikel Mujika Zuian. Argazkia: Naikefotosport

Mikel Mujikak 2019ko abuztuan lortu zuen, Frantzian, Hawaiiko Ironman proba entzutetsura sailkatzea. Edozein triatloilariren ametsa dena, baina, ametsgaizto bilakatzen ari zaio, proba behin eta berriro atzeratzen dabiltzalako.

Oraindik ez dute erabat konfirmatu, baina badirudi urrian Hawaiin egin beharreko ironmana ostera ere atzeratu egingo dutela –2020ko edizioa izan beharko litzateke–. Eta, hain zuzen, mezu ofizialaren zain dago Mikel Mujika (Bergara, 1989): "Beste denboraldi bat helburu hori begiz jota, eta orain ere ez da posible izango. Badirudi otsailera atzeratuko dutela, baina ez nuke halakorik nahi, ea datorren urteko urrian egin dezakedan. Izan ere, ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango litzatekeen neguan halako ironman bat prestatzea. Alegia, hemen neguan eguraldiak ez du laguntzen".

Hain zuzen, Bergarakoak ondo baino hobeto aprobetxatu ditu udako hilabeteak: "Asko entrenatu naiz, abuztuan bero gehien egiten zuen momentuan irteten nintzen entrenatzera, eguerdian, Hawaiiko kondizioetara ahalik eta gehien gerturatzeko. Sakrifizioa da, norberarendako eta gertukoendako; horregatik diot proba ostera atzeratzea kolpea dela, ametsa zena dagoeneko kontrako eztarritik sartu zaigu", dio umorea galdu barik.

Triatloilari osoagoa

Bi urte hauek ez dira, baina, zaborrontzira botatakoak izan. Ezta gutxiago ere. Izan ere, gogor entrenatuz Mikel Mujikak oso atzean utzi du duela bi urte zen triatloilari hura. Entrenatzailearekin, denboraldia ondo planifikatuta, eta ordu askotako lanari esker aurrerapauso handiak eman ditu, eta bestelako probetan ikusi da hori. Esaterako, Espainiako Openean podiumetik oso gertu dago orain momentuan, eta joan den asteburuan Bilbon egin zuten Espainiako Txapelketan, elite mailako half distantzian, hamar onenen artean helmugaratu zen: "Triatloi bat irabaztea baino poztasun handiagoa ematen du horrek, estatuko triatleta onenetakoak bertan zeudelako –Nabarmentzekoa Mikel Ugarte oñatiarrak egindako seigarren postua–. Sikiera, bestelako probetan gozatzen ari gara, eta ez da gutxi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak