2006an Hanka Labanka elkartea eratu eta hasieratik bertatik izan da presidente Remi Aranzabal. Kluba hutsetik sortu zuteneko hasiera hartan ez zegoen presidente, diruzain, idazkari edota bestelako karguetarako boluntariorik. "Petit comite-an elkartu eta ezkutuan egindako bozketan nire izena izan zen gehien irten zena. Ordutik izan naiz Hanka Labankako presidente; nigatik balitz, karguan jarraituko nuke, baina ezinbestean utzi behar izan dut...". Gaixotasun larri batek eraginda utzi behar izan du kargua; are gehiago, urrian egingo dute urtebete bajan.
Gaixotasunak behartuta
Elkartea sortu zenetik, Hanka Labankak abiadura saioetan eta federaziotik kanpoko ekitaldietan hartu izan du parte, bereziki; hain zuzen, Hanka Labankako kide Agustin Oiangurenek Burdinola irristaketa kluba sortu zuen 2017an, umeekin eta gaztetxoekin talde federatu moduan lehiatzea helburu. Aranzabalek Hanka Labankan jarraitu du, gaixotasunak utzi dion arte: "Ezin dut patinatu eta ezta beste hainbat gauza egin ere. Patologia larria da, konponbiderik ez duena, eta tratamendu aringarriekin nabil. Gaixotasunari pandemia gehitzen badiogu, emaitza da nire familiatik kanpo bospasei lagunekin bakarrik egon naizela azken urte eta erdian; horregatik, aurrekoan egin zidaten omenaldia bereziki hunkigarria izan zen. Erabateko sorpresa izan zen, gainera".
Remi Aranzabal: "Egoera zail eta krudelenetik ere beti ateratzen da zerbait ona, beti"
Ohorezko presidente
Astean zehar jaso du GOIENAren deia eta oraindik ere hunkitu egiten da omenaldiaren berri ematerakoan: "Zerbait publikatu behar baduzue, ezinbestean esan behar duzue nire ustez larregikoa izan zela jaso nuen babesa. Ez dudala merezi, adibidez, estatutuak aldatzea ohorezko presidente izendatu nazaten. Oso hunkigarria izan zen, igarri nuen bertaratu zen jendea ukituta zegoela, eztarrietan korapilo asko zeudela. Ni neu ere asko hunkitu nintzen, nola ez, baina halako egoerei buelta di-da baten ematen dien horietakoa naiz. Botila beti erdi beteta ikusten duen horietakoa, alegia. Norbera oso gaizki egonda ere, normalean ingurukoek eta maite zaituztenek sufritzen dute gehiago; horregatik, horiek ukituta ikusten baditut, automatikoki animatzen naiz".
Umorea galdu, sekula
Hainbat opari eta detaile jaso zituzten Aranzabalek eta bere familiak, baita 15 urteotako argazkiz osatutako bideo bat ere. Presidente gisa egindako agurreko diskurtsoak, nola ez, izan zuen umoretik: "Esan izan didate dudan gaixotasunerako sekulako meritua dudala umore onez egotearren... Halakoen aurrean askotan ez dakit zer erantzun; izan ere, ni horrelakoa naiz, betidanik, eta gaixotasunak nire aldartea ahalik eta gutxien baldintza dezala saiatzen naiz".
"Egun bakoitza da opari bat"
Omenaldia jaso ostean Gorla elkartean helarazi zuen mezuan Aranzabalek ez zuen inor axolagabe utzi: "Hainbat gauza daude lehen egiten nituenak orain ezin ditudanak egin, eta sekula ezingo ditudanak egin. Horregatik, ez naiz falta zaidanari begira bizi; daukadanari begira bizi naiz, ez dela gutxi. Bizitzako segundo bakoitza aprobetxatu behar da, bizitza izugarri motza da eta. Egun bakoitza da opari bat. Egoerarik okerrenetik eta krudelenetik ere beti ateratzen da zerbait ona, beti". Jaso zuen omenaldian argi geratu zenez, Remi Aranzabal betirako izango da Hanka Labankarendako iparrorratza, lehen ohorezko presidentea.