Talde sozialistak kale-zurruta "kontrolatzeko" eskatu dio Bergarako udal gobernuari

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 15a, 15:33

Bergarako PSE-EEk San Martzialen "jende asko" biltzen dela adierazi du, eta horren gainean "inolako kontrolik ez dagoela" salatu du. Sozialisten ustez, Udalak udaltzaingoekin kontrolatu beharko lituzke joan-etorriak.

Kale-zurruta ohikoa bilakatu dela azaldu du Alberto Alonso talde sozialistaren bozeramaileak, eta hori "onartezina" dela iritzi du: "Kalean edatea gizalegearen kontrakotzat hartzen da. Are gehiago, pandemia existitu aurretik ere debekatuta zegoen". Gauzak horrela, jarduera hori "moztu" egin behar dela adierazi du, eta udal gobernuari kontrola eskatu dio.

Bestetik, herritarrei erantzukizunez jokatzea eskatu die: "Bergarako bizilagun gehienek osasun neurriak betetzen dituzte, baina batzuek pandemia gainditu dugula uste dute. Tamalez, ez da horrela". Bukatzeko, elkarlanean ekiteko deia egin du, krisi ekonomiko eta sozialari batera "aurre egiteko".

Udal gobernua, "lanean"

Udal Gobernuak aditzera eman  du oraingoz ez duela publikoki  ezer esango PSE-EEren salaketaren aurrean. Uste dute ez dela  "prentsa oharren bidez landu  beharreko gaia" , eta diote gaia "aspalditik" dutela mahai gainean  eta "lanean" ari direla. Adierazi dute "arazoak dituen erpin ezberdinen aurrean proposamen bateratu bat" dutenean emango dutela proposamen horren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak