Hogei urteko ibilbide 'erraldoiaren' erakusleihoa, Aroztegin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 11a, 15:34
Bergarako hainbat taldeetako eta erakundeetako ordezkariak, atzo, Erraldoi Taldearen erakusketa zabaltzen.

Bergarako Erraldoi Taldeak zabalik du askotariko dokumentuak, argazkiak eta materiala jasotzen duen erakusketa. Irailaren 26ra arte egongo da ikusgai Aroztegi aretoan. Irekiera ofiziala egin zuten atzo.

Partaide eta jarraitzaile ugari ditu Bergarako Erraldoi Taldeak. Iaz bete ziren hogei urte taldea sortu zela. Pandemia kontuak tarteko ezin izan zuten urtemuga borobila behar moduan ospatu, eta atzo zabaldu zuten mimo handiz prestatutako erakusketa Aroztegin.

 

19:00etan zabaldu zuten erakusketa publikoarendako. Aurretik, bisita gidatu berezi bat egin zuten herriko hainbat taldeetako eta erakundeetako ordezkariendako. Tartean ziren, esaterako, Gorka Artola alkatea zein Elena Lete, Juan Jesus Alberdi, Jaione Isazelaia, eta Agurne Barruso alkate ohiak. Ekitaldian izan ziren, baita ere, Iñigo Alberdi, Maite Agirre, Felix Iñiguez de Heredia Felisin, Luis Mari Gutierrez Guti...

 

Erakusketan artxiboko dokumentu ugari ikus daitezke. Esaterako, Bergarako Udalak 1925ean egindako erosketa-agindua, udal artxiboko argazki zaharrak, jaietako egitarauak, erraldoiek lagun izan dituzten musikarien argazkiak, partiturak edota egindako hainbat irteeretako eta ekitaldietako argazkiak. Bideo txiki bat ere prestatu dute askotariko irudiekin.

 

Nola ez, Bergarako Erraldoi Taldeko izarrak ez dira falta. Hala nola, erakusketan bertatik bertara ikus daitezke hainbat buruhandi eta erraldoi; Marisa eta Peru, Magdalena eta Ximon, Elhuyar anaiak, Bitorianatxo... Eta argazkia atera nahi dutenendako photocall bat dute prest Felisin eta Guti- rekin.

 

Bertaratutakoek gustura ibili ziren argazki eta dokumentu zahar artean. Taldeak egindako ibilbidea aberatsa da, eta urtero izan dira herriko kaleak alaitzen zein Bergararen izena herriko kanpora eramaten. Oroitzenak asko dira.

 

Erakusketa zabalik da orain ikusi nahi duten guztiendako. Ordutegia da martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era, zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.

 

Erlazionatuak

Bergarako Erraldoi Taldearen erakusketa, Aroztegin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 ira 11 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak