Euskal abestiak eskaini dituzte Santurtziko musikari helduek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ira. 11a, 16:13

Santurtziko Musika eskolako helduen taldea.

Bergarako Musika eskolak ikasle helduen proiektua aurkeztu du gaur Mariaren Lagundian. Aurkezpena girotzeko emanaldia eskaini du Santurtziko Musika eskolako helduen taldeak.

Bergarako Musika eskolak helduen taldea jarri du martxan. Xabi Torres tronpa irakaslea izango da taldeko irakaslea eta zuzendaria. "Proiektuan parte hartu gura duenak aukera du izena emateko. Ez dugu baldintzarik jartzen. Musikaz gozatzeko modua da, edonor etor daiteke. Partiturak moldatzen ditugu dauden instrumentuetara eta musikarien mailara", azaldu du Xabi Torres irakasleak.

Astean behin elkartuko dira

Talde heterogeneoa dela nabarmendu du eta edozein instrumentu mota onartzen dutela. Gaur gaurkoz sei lagunek eman dute izena taldean: biolina, txeloa, gitarra, perkusioa... "Astean behin elkartzen gara eta ez dugu helburu jakinik. Entseatu egingo dugu eta gu prest gaudenean hasiko gara dakiguna erakusten", dio. "Garrantzitsuena da talde baten parte sentitzea, ondo pasatzea eta zerbait ikasteko aukera baldin badago hobeto", gaineratu du Torresek.

Santurtziko taldea

Bergara Musika eskolan bakarrik ez, Santurtziko Musika eskolan ere irakaslea da Torres. "Orain dela 8 urte sortu genuen helduen taldea. Asteroko saioak egiten ditugu, giro ona dugu, musika ikasten dugu...", azaldu du.

Gaur, Mariaren Lagundiako elizan eskaini duten emanaldian euskal abestiak jo dituzte: Benito Lertxundiren Gure bide galduak, Fernando Goenagak moldatutako Isil-isilik dago, kubatar ukitua ipini dute Guantanamera abestiarekin eta Fernando Velazquezen Etorkizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak