Katerin Artola eta Iker Belintxon nagusitu dira Moises Azpiazu binakako dantza txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 10a, 22:22

Iker Belintxon eta Katerin Artola dantzan txapela bana jaso ostean.

Oarsoaldeko bikotea indartsu dabil. Ez da astebete pasa Donostiako Trinitate plazan jokatutako lehiaketan ere txapela jantzi zuela. Bergarako bikotea, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, hirugarren sailkatu da gaurkoan.

Eskuragarri zeuden eserleku guztiak bete egin dira Bergarako musika eta dantza eskolak Udalaren laguntzarekin antolatutako Moises Azpiazuren omenezko 36. bikote nagusien dantza askatu txapelketa ikusteko. Zazpi bikotek hartu dute parte, eta ez zortzik. Falta zen bikoteko kideetako batek gaur hartu du koronabirusaren kontrako txertoa eta ondoezik ikusi du bere burua txapelketan parte hartzeko.

Oarsoaldeko bikote Katerin Artolak eta Iker Belintxonek jantzi dute txapela. Epaimahaiaren esanetan ez da desadostasunik egon, eta mahaiko hiru kideak bat etorri dira Artola-Belintxon bikotea izan dela gaurkoan onena. Maila ona ematen ari den bikotea da. Aurreko zapatuan ere beraiek jantzi zuten txapela Donostiako Trinitate plazan jokatutako txapelketan. "Oso pozik gaude. Irabaztea ez da erraza izaten; izan ere, maila oso ona dago eta hiruzpalau bikote ibiltzen gara lehen postuetan. Astean Zarautzen jokatutako txapelketan Maren Galvezek eta Gorka Granadok irabazi zuten".

Bergarako bikoteak –eta aurreko bi edizioetako irabazleak– hirugarren egin du gaur. "Fandangoan indarra falta izan zaie gaurkoan. Hotz sumatu ditugu. Arin-arina, ordea, oso ondo egin dute", azaldu du Dantzarien Biltzarreko eta gaurko epaimahaiko kide Xabier Mendizabalek gaineratuz parekotasun handia egon dela bigarren eta hirugarren sailkatuen artean.

Dantzariek Euskal Herriko txapelketa dute orain jomugan. Urriaren 16an jokatuko dute, Seguran.

Sailkapena

  1. Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo) 74
  2. Maren Galvez-Gorka Granado (Lezo-Sopela) 70,75
  3. Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara) 70,50
  4. Laura Bastida-Ekain Uzkudun (Azpeitia) 66
  5. Itziar Bastida-Anaitz Lizartza (Azpeitia) 62
  6. Olatz Azkue-Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun) 61
  7. Idoia Narbaiza-Irati Olaizola (Legazpi) 58
Erlazionatuak

Moises Azpiazu dantza txapelketa, Bergaran

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 ira 10 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak