Hauxe da Xaxaukoek prestatu duten kartela.
Xaxau bueltan dator, beraz, eta mezu argi batekin dator: "Ahal dugun neurrian eta pandemiara egokituta, baina bueltan dator Xaxau. Ez da nahiko genukeen itzulera, baina... Lanean egon gara orain arte ere, baina COVID-19ak ez digu utzi nahiko genukeen moduan lan egiten. Ikusten ari gara herria poliki-poliki egoera zail honetatik irteten ari dela eta aukera ikusi dugu horren beharrezko zaigun aisialdirako es-kaintza bat lotzeko".
Udalarekin hitzarmena
Ekintza hauek aurrera eraman ahal izateko, hitzarmena sinatu dute Udalak eta Xaxauk, eta, honen bidez, 18.505,50 euroko dirulaguntza eman dio Udalak konpartsari.
"Arduraz jokatzeko unea da. Aitzitik, azken hilabeteotan ikusi ahal izan denez, osasunerako prebentzio neurriak hartuta kultura ekimenak seguruak dira. Ez hori bakarrik, herritarren eta, hortaz, herriaren gogo-osasuna eta bizipoza indartzeko bitarteko egokiak dira. Pixkanaka ohiko jarduerak berreskuratzeko urratsak emango ditu Udalak, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, eta osasungintzan adituek ematen dituzten gomendioei jarraituz", adierazi du Udalak hitzarmenaren berri emateko bidalitako oharrean.
"Bergarako Udalak ekimenak gauza daitezen bitartekoak jarriko ditu. Plaza hesitu egingo da eta terrazarako eremua markatuta egongo da. Halaber, edukiera mugatuta egongo da. COVID-19aren hedapena saihesteko kontingentzia planean jasotako neurriak ezarriko dira, esaterako: gel hidroalkoholikoa egongo da sarreran, jendearen arteko distantzia zainduko da, maskara erabili beharko da, erabilera bakoitzaren ondoren mahaiak desinfektatuko dira… Horiek beteko direla bermatuko du Xaxauk".
Aisialdia eta kultura gozatzera gonbidatu ditu Udalak herritarrak: "Aldi berean, elkarbizitza sustatzeko, elkar zaintzeko eta ingurunea errespetatzeko –zaborrak jasoz, adibidez– eskatu nahi die".