Pandemiak ez du bandaren San Martin giroko kontzertua zapuztuko. Irailaren 16an izango da, udal pilotalekuan (12:30). Hori bai, aldez aurreko lanak bai baldintzatu ditu pandemiak, bandako zuzendari Enrike Txurrukaren arabera: "Egoera orokorrean hobetu egin denez, bandako musikari ia guztiak hasi gara berriz entseatzen. Elkartu ezinik egon garenean hainbat etxeko lan egin ditugun arren –bideoak, esaterako–, oraindik musikari asko sasoia berreskuratu beharrean dira. Baina pozgarria da berriz denak batera ikustea".
Zailtasun handiko obrarik ezin
Hala ere, oraindik araudiak eta Jaurlaritzarekin Banden Federazioak adostutako protokoloa "nahiko zorrotzak" direla dio Txurrukak: "Horrek ezinezko egiten du baldintza egokietan entseatzea. Horrek asko baldintzatzen gaitu, eta errepertorioa moldatu egin behar izan dugu. Ezin izango dugu egoera apur bat normaldu arte zailtasun handiko obrarik landu. Adibidez, pena handiz, alde batera utzi behar izan dugu egun berezi honetan horren gurea den San Martin obra. Pena bikoitzarekin, oraindik Miguel Gonzalez Bastidari behar bezalako omenaldia zor diogulako, iaz bete ziren-eta 100 urte jaio zela".
Oztopoak oztopo, kontzertuan ez dira faltako San Martin kutsuko doinuak, herrian aski ezagunak direnak. "Horiez gain, beti bezala, askotariko estiloak eskainiko ditugu. Egongo da euskal musika klasikoa, Guridiren Mirentxu operaren preludioarekin; egongo da bandarako idatzitako gaur egungo musika, Jan Van de Roost-en Suite Provençale-rekin; eta egongo dira baita ere ukitu etnikoak dituzten pop doinuak, Van McCoy-ren African Symphony-rekin. Gustu guztietarako aukerak", aurreratu du Txurrukak.
Aurrera begira zer? Honako hau adierazi du zuzendariak: "Egoeraren arabera jokatu beharko dugu. Federazioa badabil Jaurlaritzarekin protokoloa berrikusi nahian, egoera hobetu honetara egokitzeko. Entseatzeko baldintzak hobetzea beharrezkoa zaigu lehengo maila berreskuratzeko".