Zuhurtziarako eta Bergarara jai bila ez etortzeko deia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ira. 10a, 11:29

Kalejirarik gabe danborradarik ez egitea erabaki dute; irudian, 2019koa.

Udal Gobernuak argi utzi du jairik ez dela egongo, eta erantzukizunez jokatzeko dei egin du, beste behin; irailaren 1ean erabaki zuten taldeetako zuzendariek kalejirarik gabe danborradarik ez egitea. Azoka eta kultura emanaldiak izango dira protagonista.

Pandemiaren egoera iazkoa baino hobea izanda ere, bigarren urtez jarraian ez da San Martin jairik izango Bergaran. Udalak argi utzi du jairik ez dela izango, eta bergararrei zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzeko dei egin die, kanpotik Bergarara jai bila ez etortzeko eskaera egitearekin batera.

Festarik egongo ez dela argi utzita, ekitaldi batzuk antolatu dira; tartean, azoka eta kultura emanaldiak. "Herritarrei kultura eskaintzearen alde egin genuen pandemia hasieratik, eta sortzaileei euren lana erakusteko aukera ere eman behar zaie; eta herrikoak bertakoak badira, hobeto", dio Kultura zinegotzi Kristina Markinak.

Danborrada estatikorik ez

Egingo ez dena da San Martin jaietako ekitaldi nagusia izan ohi zen danborrada. Uztailean egindako bileretan hainbat aukera aztertu zituzten eta azken erabakia irailaren 1ean hartzea adostu zuten.

Bilera hartara hurbildu ziren taldeetako zuzendariek "ia aho batez" erabaki zuten ez egitea, aukera bakarra zelako modu estatikoan, San Martin plazan bakarrik eta edukiera oso murriztuarekin egitea. "Modu horretan egiteak zentzurik ez zuela erabaki genuen. Kalejirarik gabe egiteko, hobeto datorren urtera arte itxarotea eta ohiko danborradaz gozatzea", adierazi dio GOIENAri Zuloa taldeko zuzendari Aitor Erañak.

San Martin bezperan egiten zen helduen danborrada, kalejirarekin eta San Martin Agirreren gurutziltzaketaren errepresentazioarekin eta irailaren 16an, San Martin egunean, egin ohi zen umeen danborrada. Umeena ere ez da egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak