Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo: "Erritmoa nahiko hartuta iristen gara txapelketara"

Jone Olabarria 2021ko ira. 10a, 08:40

Bergarako Musika Eskolak Udalaren laguntzarekin antolatu duen bikote nagusiendako 36. dantza txapelketa gaur iritsiko da Seminarixora, 19:30ean. 16 urtetik gorako zortzi bikotek hartuko dute parte; horietatik bakarra Debagoienekoa, Bergarakoa, hain zuzen ere, Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok osatzen dutena.

Bi urtez jarraian garaile Moises Azpiazuren omenezko txapelketa honetan. Errepikatzeko gogoz?

Beti helburu berarekin irteten gara dantza egitera, txapelketa guztietara: guk egindako lanarekin gustura geratzea. Horren ostean txapela eskuratzen badugu, ba, are gusturago, baina ez da helburu nagusia izaten.

Bergaran etxean arituko zarete. Berezia izaten da txapelketa?

Beti da berezia etxean aritzea. Familiako kideak, lagunak, ezagunak,... hurbiltzen dira eta animo horiek asko igartzen dira txapelketan.

Edukiera neurriek ikusle gehiago egotea ahalbidetuko dute. Eskertzen duzue publikoaren berotasuna?

Publikoaren presentzia beti eskertzen dugu, asko. Esaterako, fandangotik arin-arinerako deskantsu tartetxo horretan, fisikoki larriago egon zaitezkeen uneetan, beti laguntzen dizu barruko indar horiek ateratzen publikoa bertan sentitzeak.

Nola zaudete ostiraleko txapelketara begira? Azken bi urteak pixka bat arraroak izan dira; izan duzue aukerarik beste txapelketa batzuetan aritzeko?

Egia esanda, erritmoa nahiko hartuta iritsi gara gaurko etxeko txapelketara: Zarautzen, Donostian, Lekeition... izan gara aurten aurretik txapelketetan. Ez da lehenengotakoa izango, eta alde horretatik igarri egingo da, fuerte samar iritsiko garela uste dugu.

Zein da zuen indargunea? Zer nabarmentzen du epaimahaiak?

Bion arteko elkar ulertzea dela uste dugu. Azken batean, urte pila bat daramatzagu bikote moduan dantzan eta esperientzia hori asko igartzen da. Bestela ere, asko nabarmentzen dituzte gure fintasuna eta ditugun puntak.

Baduzue presio edo urduritasun punturik?

Beste txapelketa guztietan bezala, irten aurreko urduritasun puntu hori egongo da, baina, beti esaten dugun moduan, taula gainean urduritasun horiek desagertu egiten dira eta disfrutatu egiten dugu.

Segurako txapelketarako tenperatura hartzeko proba izango da Bergarakoa?

Nahiz eta hilabete baino apur bat gehiago geratu Segurako Euskal Herriko Txapelketarako, gaurko txapelketa izango da azkenetakoa aurretik. Hor ikusiko da zeintzuk dauden puntan, edo erritmo onenean. Hala ere, oraindik badago denbora Segurarako prestatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak