Pablo Irizarrek Jaraman du hitzordua

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 9a, 19:57

Hilabeteko etenaren ondoren Mini Cooper kopa lasterketetara itzuliko dira asteburuan.

Abuztuko etenaren ondoren, bueltan da Cooper Kopa, eta asteburuan txapelketako laugarren hitzordua jokatuko dute Jaramako zirkuituan. Hala, bertan izango da Pablo Irizar. "Gogotsu gaude; gainera, bai Rafak eta bai nik ondo ezagutzen dugun zirkuitua da", adierazi du bergararrak. Egubakoitzean dituzte entrenamendu saioak, eta lasterketa, zapatuan.

Azkenekoz uztailean izan ziren Miniaren barruan, Alcañizko zirkuituan: "Ez ginen nahi moduko azkarrak izan. Nire taldekideak erabaki zuen zirkuitua ez genuenez ezagutzen ez zuela merezi gurpil berrietan dirua gastatzen ibiltzea, eta gurpil zaharrekin lehiatu ginen. Eta, noski, sekulako aldea dago. Entrenamenduetan bederatzigarren sailkatzeko gauza izan nintzen, eta pozik geratu nintzen lasterketarekin, hiru postu aurreratu nituelako –6. postua–. Gero, taldekideak, Rafak, hartu zuen erreleboa eta ez zuen erritmoa aurkitu proban, 16. postuan amaitu genuen. Bigarren lasterketan, berriz, 20. postuan hartu nuen autoa eta ez nintzen oso animatuta hasi. Baina lasterketa 11. amaitu nuen".

Jaramako lasterketarako, berriz, aurrean ibiltzeko esperantza dauka: "Gurpilak estreinatuko ditugu eta entrenamendu saioetan bost onenen artean egon nahiko nuke". Eta Cooper Kopa amaitzeko azken hitzordua geratuko zaie, Jerezen, urri hasieran: "Harako ere oso gogotsu nago, zirkuitu azkarra da eta ondo ezagutzen dut hura ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak