Jaialdi handietatik aparte Euskal Herrian dauden jazz talde ugariei jendaurrean aritzeko aukera emate aldera, Jazz Ibiltaria izeneko zikloa jarri dute martxan Elsa Garcia Lizundia saxofoi-jotzaileak zuzenduta eta SGAE Fundazioak babestuta. Eta Bergara izan da zikloari hasiera emateko aukeratutako herria.
Hala, gaur arratsaldean jazz doinu ederrez bete da San Martin plaza Organic Matters taldearen emanaldiari esker. Jazzaren munduan Euskal Herrian ezagunak diren Gorka Iraundegik –Hammond organoa–, Miguel Salvadorrek –gitarra–, Aingeru Torrek –saxo altua– eta Alex Alonsok –bateria– osatzen dute taldea, eta doinu propioak eta jazzeko klasikoenak uztartu dituzte bertaratu direnen gozamenerako.