Bergarako Udalak lehiaketa publikora atera du etxeko laguntza zerbitzuaren deialdia eta Eulen Servicios Sociosanitarios, S.L enpresarekin sinatu du hitzarmena. Bihar, irailak 1, sartuko da indarrean.
Prebentzio-izaerako zerbitzuak mendekotasun-egoeran –edo mendekotasun-arriskuan– dauden pertsonei laguntzea du xede. Horretarako, onuradunak etxeko lanak egiten dituen langile baten laguntza jasotzen du bizilekuan.
Beharren araberako laguntzak eskaintzen dira (etxeko lanetarako laguntza, laguntza pertsonala, beste jarduera osagarri edo berezi batzuk egiteko laguntza…), astelehenetik igandera eta egunean gehienez 4 orduz. Aurten 30.200 ordutako zerbitzua eskaintzea aurreikusten du Udalak, eta horren kostua 802.834 eurotakoa izango da.
Iaz baino 3.000 ordu gehiago
Iazko urtean 27.859 laguntza ordu eskaini ziren (aurten espero direnak baino 3.000 gutxiago) . Horien %37,81 laguntza pertsonalera bideratu ziren, %57,71 etxeko lanetara eta %5,06 beste ekintza batzuetara. Halaber, orduen %89 ezintasun egoeran zeuden pertsonei eskaini zitzaien.
Guztira 95 etxebizitzatan eskaini zen zerbitzua –121 pertsonari– eta 673.077,20 euro bideratu ziren. Bergarako Udalak kostuaren %47 ordaindu zuen, Aldundiak %27 eta zerbitzu jasotzaileek %26.