Bergara Hiria torneoa jokatu zuten zapatuan Bergarak eta Zumaiakok eta norgehiagokak golak izan bazituen ere –sei guztira– taldeei sasoi honetan ohikoa den erritmo falta sumatu zitzaien. Seguruenik torneoko albiste onena izan zen zaleek bertatik bertara jarraitu ahal izan zutela partidua, publikoak ateak zabalik izango dituelako aurrerantzean, nahiz eta neurri konkretuekin izan. Bada, garaikurra kostaldeko mutilendako izan zen, partiduan 2-4 gailendu eta gero.
300 ikusle Agorrosinen
Hori da aurtengo denboraldiko nobedadeetako bat, irailaren 12an hasiko duten ligan –Bergarak etxean jokatuko du lehen jardunaldian, Allerruren kontra–zaleak harmailetan egongo direla. Klubetik zehaztu berri diote GOIENAri Agorrosinen kasuan 300 lagunendako tokia izango dela, eta berri ona izango litzateke aforoa zaintzen ibili behar izatea, zale asko gerturatzen diren seinale. Bestalde, Ipintzako berdegunean ere ikusleak sartu ahal izango dira, baina Udalak oraindik ez du zehaztu kopururik –Udalarena da jabetza–.