Pandemia aurretiko azken kontzertua San Juanen eskaini zuen Azkaiter Pelox taldeak, eta atzo, berriz ere, kalean talde bergararraren erritmoekin gozatu zuen hainbat herritarrek, Bergarako Udalak antolaturiko emanaldietan. Unai Azkaratek gidaturiko taldearen aurretik, baina, 18:30ean, Indai talderen txanda izan zen. Emakumeek soilik osaturiko taldearen pop-folk doinuekin gozatu zuten herritarrek, eta baita hainbat cover ezagunekin ere. Leire Moñuxek, June Nogueirasek, Nerea Aginagaldek eta Leire Ugartek osatzen duten taldeak, gainera, lagunen eta kuadrillako kideen babesa izan zuten kontzertu osoan zehar.
Indai taldearen ostean Azkaiter Peloxen txanda heldu zen. Taldekide berri batekin taularatu ziren bergararrak, izan ere, Low Riders taldeko Michael Kapoun luthier eta gitarra-jolearen konpainia izan zuten bergararrek. Irlandako doinuak jo zituen Azkaiter Pelox taldeak eta Azkaratek barre algarak atera zizkien ikus-entzuleei.
Kontzertuen arteko tartean, San Juan auzoko XL Ortu Lehiaketako sariak banatu zituzten. Iaz ezin izan zuten saririk banatu COVID-19aren pandemiaren ondorioz, eta 2020ko saria beraz, Olabarria anaiek jaso zuten. 2021eko Ortu Lehiaketako irabazleak, ostera, Aizkar baserrikoak izan dira.
2020ko garaileak, Olabarria anai-arrebak:
2021eko ortu onenaren garailea, Aizkar baserria: