Zuzendaritza talde berria dute BKEkoek

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 23a, 13:24

BKEko saskibaloi sailak aldaketa esanguratsuekin abiatuko du hurrengo denboraldia, 2007tik Marian Mellado presidente izan duen zuzendaritza taldeak ez du-eta jarraituko; Ion Beistegi buru duen taldeak hartuko dio erreleboa Melladoren taldeari.

Bergarako Kirol Elkarteko saskibaloi sailak aldaketa esanguratsuekin ekingo dio 2021-2022 denboraldiari. 2007a ezkero Marian Mellado buru zuen taldeak erreleboa emango dio Ion Beistegi buru izango duen taldeari. Beistegirekin batera zuzendaritzako kide izango dira Borja Elkoroberezibar, Xabat Irazola eta Aitor Esnaola. Hori bai, zuzendaritza berriak, orain arte moduan, ezinbestekoa den gurasoen laguntza jasoko du.

Saskibaloia herrian errotzea

Mellado presidente izendatu eta gutxira hasi ziren antolatzen gerora herrian errotu den hiruko saskibaloi txapelketa. "Talde berri batek haize freskoa ekarri ohi du eta testuinguru horretan hasi ginen saskibaloiaren bueltan ezberdina bezain erakargarria izan zitekeen zerbait antolatu nahian". Udan eta Gabonetan –infantil mailako txapelketa ere antolatzen hasi ziren Gabonetan– antolatu izan dituzte hiruko txapelketak, San Martin plazan, udal pilotalekuan eta Labegaraietan.

Horrez gain, Gabonetako infantil mailako txapelketa ere antolatzen hasi ziren eta Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 bete zituela gogora ekartzeko ekitaldien barruan antolatu izan diren Bergara Hiria saskibaloi txapelketaren barruan, Melladoren taldeak emakumeei garrantzia ematea erabaki zuen. Goi mailako saskibaloi taldeak izan dira Labegaraietan. Melladoren taldearen beste bereizgarrietako bat izan da saskibaloi sailak egiten duen lana ezagutzera emateko egin duten ahalegina, eta horren adibide dira San Martin plazan egin izan diren denboraldi hasierako aurkezpenak. Pozik doa Mellado: "Eskerrik asko denoi, oso aberasgarria izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak