Uztailaren 24a gorriz markatuta dauka egutegian Unai Azkarate musikari bergararrak. Azkenaldian, "nahi baino kontzertu gutxiago" jotzen dabiltza egoera pandemikoa medio, eta zapatuan San Juan auzoan joko dutena mimoz prestatzen dihardu. "Bergarako Udalak eskaini digun aukera hau da uda partean dugun hitzordu garrantzitsuenetako bat".
Kontzertua prestatzeko azken egunetan, ordea, azken orduko ezuste bat izan dute taldekide batekin. "Azkenaldian, folk doinuak lantzen ari gara, Shane Curley irlandarra taldean dugula baliatuz. Baina duela egun gutxi, familia bisitatzeko aukera zabaldu zaio, Boris Johnsonek eta konpainiak bisitarientzako neurriak malgutu ostean, eta Irlandara joateko erabakia hartu du".
Taldearen "ukitu exotikoak" azken orduan kale egin izanak urduritasun pixka bat eragin dio Azkarateri, baina burua dantzan jarri eta segituan aurkitu du "hutsune exotikoa" betetzeko konponbidea: "Uda partean asko mugitzen naiz Getaria inguruan, eta bertan hainbat musikari ezagutzen ditut. Eta horien artean dago Low Riders taldeko Michael Kapoun gitarra-jole eta luthier txekoslovakiarra. Lap-steel gitarra jotzen du berak, surf musika estiloan asko erabiltzen den gitarra mota, eta lagun handia dut. Aurretik kolaborazio bat edo beste egin izan dugu elkarrekin, eta segituan gogoratu nintzen harekin. Ea gurekin jotzen animatuko litzatekeen galdetu nion, eta baietz erantzun zidan. Eskarmentu handiko musikaria da, eta ez du arazorik izan gure errepertorioa barneratzeko".
Irlandako doinuak
Aipatutako azken fitxaketaz gain, honako lagun hauek izango ditu oholtzan Unai Azkaratek: Aitor Aranburu, baterian; John Prieto, biolan; eta Aitzol Mujika, baxuan. Zein abesti mota joko dituzten galdetuta, hona Azkaiterren erantzuna: "Azkenaldian, oso gustura gaude folk doinu irlandarrak jotzen. John Prieto sekulako biolin-jolea da, eta hura da melodikoki taldearen arima. Saint Patrick eguneko abesti sorta antzerakoa taularatuko dugu, baina aldaketaren bat edo beste egingo dugu. Michael Kapoun gure artean izango dugula ikusita, Low Riders taldearen estilora hurbilduko gara, eta rhythm and blues eta surf ukituko piezaren bat edo beste sartuko dugu, gure gonbidatuak lap-steel gitarra horrekin zertarako gai den erakuts diezagun".
Bergarako Indai taldearekin partekatuko dute San Juan auzoko oholtza. Hala, Yune Nogueiras, Leire Moñux, Nerea Aginagalde eta Leire Ugarte taldekideek herritarren aurrean abesteko beste aukera bat izango dute, iaz Usondon egin bezala. Herriko musikarien trebeziaz gozatzeko hitzordua, beraz: zapatuan, 18:30ean, San Juan auzoan.
Willis Drummond, Usondon
Euskal rock eszenan sasoi betean dagoen taldeetako bat da Willis Drummond, eta berezkoa duten zuzeneko indartsua taularatuko dute Usondon, eguenean, 22:00etan. Gaur iluntzean, Berumuga zikloaren barruan, Josh Joyer & Soul Colossal taldeak joko du Espoloian, 22:00etan.