Erkidego autonomoen arteko Espainiako estropaden txapelketa jokatuko da asteburuan Gasteizko Klub Nautikoan, Uribarri Ganboako urtegian, Optimist deritzon kategorian. Zazpi erkidegotako 14-15 urtera arteko lehiakideek hartuko dute parte: Kantabria, Kanariar uharteak, Valentzia, Balearrak, Galizia, Katalunia eta Euskadi.
Estropadak gaur, bihar eta etzi
Erkidego bakoitzeko bi taldek eta talde bakoitzeko lau belaontzik hartuko dute parte eta Euskadiko Federazioak hautatu dituen zortzi partaideen artean 12 urteko Telmo Ayerbe bergararra egongo da; Gasteizko Klub Nautikoko ordezkari arituko da Ayerbe.
Atzo egin zituzten prestaketa saioak eta gaur, bihar eta etzi izango dira estropadak. Antolakuntza lanetan diharduen Luis Laskurainen arabera, estres handiko egunak izango dira: "Egin ditugun kalkuluen arabera, aurreikusten dugu 80 bat irteera emango ditugula eta egingo ditugula uretan bospasei ordu egunean".