Eraikinaren barruko patio batean kristalak jartzen zebilela laugarren solairutik erori da, eta Udaltzainen arabera, eskuineko hanka hautsi du: "Kontziente zegoen, berarekin hitz egin dugu". 15:45ean jaso dute abisua, eta ordurako SOS Deiak kudeatzen ari zen ezbeharra, obrako lankide batek deitu baitie.
Goiherri Kristaldegiko langile bati gertatu zaio ezbeharra gaur arratsaldean. Bergarako Udaltzainek, Ertzaintzak eta suhiltzaileek jaso dute abisua, eta Udaltzaingoaren arabera, ez dute zauritua erreskatatzeko arazorik izan: "Barruko patioan zegoen leihoetako kristalak jartzen, helduleku batek huts egin dio eta lurrera erori da. Zorionez, patioa estua da, eta erorketa frenatzeko gai izan da hankekin pareta ezkinak ikutuz".
Larrialdi zerbitzuak heldu direnerako lankideak ari ziren zauritua artatzen, eta "azkar" eraman du anbulantziak: "16:40ean eraman dute Donostiako Unibertsitate Ospitalera. Eskuineko hankan kolpea ikusi diogu, baina berarekin hitz egin eta nahiko ondo ikusi dugu".