Nebraskako Josh Hoyerrek –teklatuak eta ahotsa– eta haren Soul Colossal Lincoln blues taldeak –Blake DeForest, tronpeta; Mike Keeling, baxua; Benjamin Kushner, gitarra; eta Harrison ElDorado, bateria– borobilduko dute gaur, egubakoitza, Espoloian, 22:00etan, aurtengo Berumuga musika zikloa.
Euskal Herrian lau kontzertu
Eguaztenean heldu ziren amerikarrak Madrilera, Valentzian kontzertua egin zuten atzo, eta gaur abiatuko dute, Bergaran, Euskal Herrian egingo duten kontzertuen bira. Bihar Gasteizen izango dira, domekan Ermuan eta datorren astean Burlatan. "Hainbat alditan bidaiatu dugu horra eta maiteminduta gaude zuen lurraldearen edertasunarekin. Desiratzen nago Euskal Herriko publikoarekin elkartzeko eta gure musika zuekin partekatzeko", azaldu du Josh Hoyer musikariak.
Americana estiloan jardun du, gehienbat, Hoyerrek, 2012an Soul Colossal taldea sortu zuen arte. "Soul, funk eta R&B estiloekiko dudan maitasuna adierazteko kantuak sortzeko abiatu nuen taldea. Zortzi urteko ibilbidean asko hazi gara eta egiten dugun musika inoiz baino hobea da. Taldeko kide guztiek urteetako eskarmentua dute bakoitzak bere instrumentuarekin, eta asko gozatzen dute egiten dutenarekin. Musika jotzea eta jendearekin partekatzea maite dugu!".
Estudioko bost lan dituzte
Zuzeneko lan bat eta estudioko bost disko dituzte argitaratuta. "Duda barik, iraganetik edaten dugu, baina ez dugu kopia hutsa egin nahi, ezta egindakoa berregin ere. Gure kantuak freskoak eta garaikideak direla esango nuke. Orain dela hilabete gutxi atera genuen gure bosgarren lana aurkezten ari gara orain. Gure helburu nagusia gure jotzeko egiazko modua eta emo- zioak erakustea da".
Orain artekoekin "pozik"
Aurtengo Berumuga "berezia" izan dela dio Udalarekin batera antolatzaile lanetan jardun duen Gaztelupeko Hotsak-eko Ubane Uzinek, emanaldiek izan duten harrera "ona" azpimarratuta: "Penintsulako jaialdietara datozen taldeak izaten ditugu urtero, eta oraingoan, azken momentura arte izan ditugu zalantzak. Musika estilo ezberdinekin eta parekidea izan da. Jendeak ondo erantzun du eta musikariak ere oso gustura egon dira. Azken urtea ez da erraza izan eurentzako, eta, orokorrean, emanaldi bakoitzean asko gozatzen dute".