Urtero bezala, rock, blues, jazz eta musika beltz kolorea duen Berumuga ziklo musikala antolatu dute aurtengo udarako ere. "Ohikoak ez diren musika esti-loak programatzea" da helburua, kalitatea ardatz.
Elizako korutik, kontzertuetara
Sinead Savage Ipar Irlandako abeslari gaztea gaur arituko da taula gainean, 22:00etan. Herriko elizako koruan hasi zen kantuan, eta geroztik ez dio inoiz utzi bere estilo propioa lantzeari. Bartzelonan bizi da 2006az geroztik, eta berehala aurkitu zuen bere tokia hango musika beltz, jazz eta blues munduan.
Bergarako emanaldian The Shu Shu's hirukoa ondoan duela arituko da Espoloian: Abel Boquera Hammond organoan, Dave Wilkinson gitarran eta Caspar St. Charles baterian.
Edukiera mugatuarekin
Datorren ostiralean, eta zikloari amaiera emateko, Josh Hoyer & Colossal ikusteko aukera egongo da. Kontzertu guztiak doakoak dira eta jarleku kopurua mugatua da.