Euskal Herriko musika eszena aldatzen ari da, garai bateko rock eta punk doinuen lekukoa hartzen ari dira bestelako musika estiloak; horien artean, rap mugimendua. "Rap kantariak beti arraroak izan gara, eta bada garaia gauzak pixka bat aldatzeko eta aukera berriak emateko. 20 urte baino gehiago daramagu guk rapa egiten; izan ere, folklorea maite dugu, baina baita bonboa eta kutxa ere", dio La Basu bizkaitarrak.
Debagoienean ere ari dira estilo horretako formazioak sortzen; Iker Hiriart HRT eta Sady Ayas-tui K-PO dira horren adibide. Goienak Bergarako Udalarekin elkarlanean antolatutako Herritik herrirako kultura mokadua izeneko saioan hartu zuten parte, eta "irrikaz" daude estreinako kontzertua jaioterrian egiteko. Honela dio Hiriartek: "Plazer handia da guretzako; beraz, espero dut K-PO-k eta biok gure onena ematea eta publikoarekin konektatzea. Orain dela urte batzuk, oso zaila zen horrelako ekitaldiak gurean ikustea, baina gaur egun rap mugimendua indar handia ari da hartzen, eta horrek asko pozten nau. Kartelari dagokionez, oso konpletoa iruditu zait, honako arrazoi hauengatik: lehenik eta behin, herrikoei taularen gainera igotzeko aukera eskaini digutelako; eta, bigarrenik, La Basu ere izango delako. Alegia, neska gutxi daude rap mugimenduan, eta aukeraketa ezin hobea iruditu zait".
Itxialdian, lehen rap kantuak
Askotariko estiloak gustatzen zaizkio HRT-ri, baina azken hamar urteetan, bereziki, rap estiloa du gustukoen, eta itxialdian ekin zion rap kantuak idazteari, jolas moduan. "Lagun batzuei pasatu nizkien gero, eta, gustatu egin zitzaizkienez eta lotsarik eta beldur eszenakorik ez dudanez, aurrera egitea erabaki nuen. Gasteizko Chalo VG ekoizlearen Sky Sound estudiora jo nuen, eta han grabatu ditut sare sozialetan ikusgai dauden kantuak eta bideoak. K-PO-k eta biok aurretik ezagutzen genuen elkar, eta, hark ere musika egi-ten eta kantuak idazten zituenez, egindakoak erakutsi nizkion; harrezkero, bidelagun gara".
Hamabost minutuko saioa egingo dute Bergarakoek jaialdia hasteko. "Bi abesti berri oparituko ditugu, datozen hilabeteetan Youtuben eta Spotifyn –HRT izeneko kanalean– argitaratuko ditugunak; horietako bat abesteko Chalo VG lagun izango dut taularen gainean".
El Negro eta 'La Basu gero
Bergarako familia duen Joanes Unanumo El Negro-k hartuko du lekukoa gero; Hiriarten esanetan, egun Euskal Herrian dagoen puntako rap kantaria: "Orain dela lau hilabete hasi nintzen bere musika entzuten, eta asko flipatu nuen. Zapatuan aurkeztuko duen 'Focus' bere azken diskoa izugarria iruditu zait. Bi estilo nahastu ditu lan horretan: letra oso beltzak edo makarrak eta errealitatea, baina estilo melodikoarekin".
Sarrera doan da; 200 lagunendako tokia egongo da eserleku horiek bete bitartean
Laukote formatuan izango da, berriz, La Basu-ren emanaldia: DJ Ibai, Alas Glow, bigarren ahotsean eta Iñigo Elexpuru baterian izango ditu lagun. "Bere abestietan gizarteak barneratu behar dituen mezuak transmititzen ditu, hala nola feminismoarekin lotutakoak", gaineratu du HRT-k.
Aurrez gonbidapenik ez"
"Jendea iritsi ahala parkera sartzen joango da, eserlekuak bete arte. Jaialdiaren eremuan maskara jantzita izatea derrigorrezkoa da, eta baita segurtasun-distantziak gordetzea ere, eta debekatuta dago erretzea", dio Kultura teknikari Maider Osak.