Bosgarren aldiz bisitatuko dute Bergara Zaragozako PezKao antzerki taldeko kideek. Eguneroko gauzetan sentimendu kontrajarriak eragiten eta iradokitzen dituzten egoerak bilatzen dituen konpainia da espainiarra. Hasiera batean, oraingo emanaldiok aurreko urteko maiatzean egin behar zituzten, baina pandemiak eragotzi egin zuen, eta orain arte ezin izan dira gauzatu.
Bi lan ekarriko dituzte herrira: gaur, egubakoitza, 20:00etan eta kartzela zaharrean, De ratas y canguros antzezlana eskainiko dute –sarrera, 5 euro; Angiolillo liburutegiak antolatuta–; bihar, berriz, ordu berean, Cazar un boquerón. Antzezlan horixe bera berriro eskainiko dute domekan Zubietako eskolan, 13:00etan, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatuta. Emanaldi hau doan izango da, eta, batez ere, auzokideendako da.
Antzerki taldekoek komedia eta umore beltza lantzen dituzte obra horietan; horrekin batera, inprobisazioak beti izan ohi du lekua euren emanaldietan.