Erreginaren Kopa ona egitera, denboraldia borobiltzeko

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 25a, 18:22

Eibar Rugby Taldean dihardu Jone Agirrezabal bergararrak, eta, Ohorezko Mailan liga bikaina egin eta ezustea emanda finalerdietara iritsi ostean, Erreginaren Kopako bigarren asteburua dute oraingoa, oporretara lan txukuna eginda joateko helburuarekin.

Bost urte daramatza Jone Agirrezabal bergararrak Eibar Rugby Taldean, eta barrutik ezagutzen ari da klubeko emakumezkoen talde nagusiaren bilakaera ikaragarria; pandemiak etendako denboraldian iaz igoera lortu, eta Ohorezko Mailan egindako lehen sasoian, helbu-rua mailari eustea zenean –ezin zitekeen bestela izan–, zer eta ligako finalerdietaraino iritsi; finalaren atari-atarian geratu gainera: pentsa, maiatz amaieran jokatutako partidu hartan, 0-19 aurretik lehen zatian, eta azken uneko zigor kolpe bategatik 25-24 galdu, azkenean, Majadahondaren zelaian.

Asteburu honetan, berriz, Erreginaren Kopari emango diote amaiera –aurreko asteburuan ekin zioten–, ahal bezain maila ona eman eta, horrela, hain oparoa izan den denboraldia borobiltzeko.

Ezerk ezin dezake, hala ere, Eibarko neskentzat kategoria berria zen Ohorezko Mailako lehen urtean egindako lan paregabea ilundu: "Aldea badago kategoria batetik bestera. Ohorezko B Mailan jokoa askoz motelagoa da, kontaktua ez da hain gogorra... Ohorezko Mailan oso-oso azkarra da jokoa, eta kostatu zaigu apur bat kategoria honetara egokitzea; baina asko entrenatu gara, ikaragarri, eta horrek lagundu digu hartu dugun mailara heltzen. Horrez gain, denboraldi honetarako iritsitako jokalari berriek ere lagundu digute".

Erreginaren Kopa

Oporrak hartu aurretik, asteburu honetan Erreginaren Kopa bukatzea tokatzen da orain; zazpiko errugbi formatuan jokatzen da. Aurreko asteburuaren ostean –bi partidu irabazi zituzten eta bat galdu domekako jardunaldi puntuagarrian; zazpi minutuko bi zati dituzten par-tiduak dira–, hurrengo urtean ere Erreginaren Kopa gorengo mailan jokatzea ia ziurtatu dute, eta asteburu honetan ere maila ona eman eta txapelketa ahalik eta goren amaitzea izango da debabarrendarren helburua. "Irabaztea zaila izango da; nahikoa indartsuak diren taldeak daude", dio Agirrezabalek; irabazteko ligako finalerdian Eibar kanporatu zuen Majadahonda eta finalean haiei irabazi zien Cisneros dira faborito.

Sant Cugaten, Bartzelonan, jokatuko dira Erreginaren Kopako bigarren asteburu honetako partiduak, eta Olimpico, Leon eta Majadahonda izango dira eibartarren zapatuko aurkariak; zapatuko emaitzen araberakoak izango dira domekako beste hiru neurketetako aurkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak