2020ko urritik jo gabe egon ostean, bueltan da Bergarako Musika Banda

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 23a, 12:25

Bandaren kontzertu bat, pandemia aurretik, udal pilotalekuan.

Domeka honetan, ekainak 27, kontzertua eskainiko Bergarako Musika Bandak udal pilotalekuan (12:30). Sarrera doakoa izango da eta etorri ahala banatuko dira, edukiera bete arte. Aurretik, 11:30ean, kalejira eskainiko dute eguraldiak lagatzen badu.

Legediak honezkero baimentzen du banda amateurren entseguak eta kontzertuak egitea: "Neurri handi baten, Musika Banden Euskal Federazioaren lanari esker lortu da. Beraz, jarri gara martxan! Oraindik ere egoera delikatu samarra denez, aurrerago hastea nahiago duten kideei, horretarako aukera eman diegu, eta hala ere, 46 kide hasi gera entseatzen [65 kidek osatzen dute banda]".

Kontzertu berezia izango da 2020ko urrian eman zutelako azken kontzertua eta denbora luzez jendaurrean jo gabe egon direlako baina, horrez gain, ezin izan dutelako nahi moduan entseatu: "Elkarrekin jo gabe generaman denbora kontuan hartuta eta entseguak egiteko baldintzak kontuan hartuta –talde erdiak entseatu dezakegu bakarrik–, ezin izan dugu oso obra zailik gertatu. Adibidez, ezinezkoa izan da sasoi honetan ohikoa den San Martzial estanpa gertatzea. Hala ere, ohi bezala nahiko kontzertu bariatua gertatu dugu", adierazi du Txurrukak. 

Honako hau izango da kontzertuaren egitaraua:

  • Or-Kompon martxa. Egilea: Miguel Gonzalez Bastida.
  • La millor terra del mon pasodoblea. Egilea: Ernesto Rosillo.
  • Donostia euskal pasodoblea. Egilea: Antonio Peña y Goñi.
  • When you believe soinu banda. Egilea: Stephen L. Schwartz (moldaketa: F. Bernaerts).
  • Zaindu maite duzun hori. Egilea: Ruper Ordorika (moldaketa: Enrike Txurruka).
  • The Cream of Clapton. Egilea: Eric Clapton (moldaketa: R. Sebregts).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak