Pasa den zapatuan, txakolina, Arabako Errioxako ardo eta Idiazabalgo gazta dastaketa saioarekin hasi zituzten jaien ospakizunak San Juan auzoko bizikideek.
Ekainaren 23an, eguaztena, San Juan jaiei hasiera emango zaie 21:00etan, urteroko etxafuego jaurtiketaren bitartez. San Juan suak baserrietan egingo dira aurten.
Ospakizun astean aurrera eginez, ekainaren 24an, eguena, 14:00etan, auzoko 80 urtez gorakoei omenaldia egingo zaie. Hala, 2020an jaiotako Alaia Aznal Azpeitiari ere omenaldia egingo zaio. Oier Iturbe eta Izar Aranburu izango dira dantzari omenaldian, eta aurreskua dantzatuko dute. 14:30ean erretiratuen bazkaria izango da Tartufo jatetxean, eta ondoren sariak banatuko dira erretiratuen artean.
Datorren ekainaren 25etik uztailaren 1era bitarte, XI. ortu txapelketan parte hartuko duten ortuen balorazioa egingo da. Uztailaren 24an, 16:00etan banatuko dira txapelketako sariak.
Jaiei amaiera emateko herri bazkaria izango da ekainaren 26an, zapatua, Tartufo jatetxean, 14:30ean.