Lehiaketako sariak, Bergarako dendetan erabiltzeko bonuak, alkate-ordeak banatu zituen, Ainhoa Letek hain zuzen ere. Balkoirik dotoreena Ibargarai 14an kokatzen dela erabaki du epaimahaiak, eta hala, Ane Miren Etxebestek eskuratu du lehen saria, 400 euroko bonua. Elisabeth Urrutiak 200 euroko bonua irabazi du, Boluko 41. atartean aurkitzen den balkoiagatik. Hirugarren saria aldiz, parte hartu duten guztien artean zozkatu da, eta Kontxi Leturiak jaso du 100 euroko bonua.
Berrerabilitako materiala erabili izana saritu
Lehiaketaren helburua alde batetik izan da Bergarako balkoi eta leihoak zaindu eta apaintzen jarraitzea edota ohitura berreskuratzea. Eta bestetik, apainketak inguru-giroari eta herriaren itxurari ekartzen dizkion onurak balioan jartzea eta naturari keinu bat egitea.
Sariak esleitzerako orduan kontuan izan diren irizpideak ondorengoak izan dira: originaltasuna, apainketaren kalitatea, loreen iraunkortasuna eta diseinu floristikoa. Horrez gain, egitura moduan berrerabilitako materiala erabiltzea ere saritu dute epaimahaikideek.