Garaipen garrantzitsuak eskuratu ditu Burdinolak aste bukaeran

Irene Jauregi Velasco 2021ko eka. 14a, 11:34

Asteburu borobila izan da Burdinola talde bergararrarentzat. Datorren denboraldian Espainiako urrezko emakumezko ligan jarduteko txartela zuen jokoan zapatuan, baita lortu ere. Eta domekan, gazteek –talde mistoen artean– Euskadiko kopa eskuratu zuten.

Zapatuan jokatutako Sektorialean lau talde aritu ziren nor baino nor gehiago Espainiako urrezko emakumezko ligarako txartela eskuratu nahian; hona hemen: Gasteizko Sumendi, Bilboko Metropolitano, Zaragozako All Stars eta Bergarako Burdinola.

Lehen partida All Stars taldearen aurka izan zen eta 7 eta 0 irabazi zieten horiei.

Bigarren partidan Sumendi taldea izan zuten aurrez aurre, eta intentsitate handiko norgehiagoka izan bazen ere, 2 eta 3 irabazi zuen Burdinolak Gasteizko taldearen aurka. 

Azken partidua Metropolitano talde bilbotarraren aurka jokatu zuten. Oso parekatua izan zen eta bateko berdinketarekin amaitu zuten partida. Bost minutuko luzapenaren ondoren penaltietan erabaki zen partidua eta Espainiako plaza. Hala, talde bakoitzak hiru jaurtiketa egin eta partidua poltsikoratu zuen Burdinolak, 2 eta 1eko emaitzarekin. Ondorioz, datorren urtean emakumezkoen senior mailan jokatuko du.

Euskadiko kopa, etxera

Burdinolako talde mistoa domekako partiduan

Igandean, Burdinolako gazteek talde mistoen arteko Euskadiko kopako finala jokatu zuten Bilboko Metropolitano B taldearen aurka.

Partida hasi, eta berehala sartu zuen talde bergararrak lehen gola. Laster berdindu zuen Bilboko taldeak markagailua eta lehen zatia 2-2 amaitu zuten. Bigarren zatian Burdinola ipini zen aurretik, eta gol horrekin partidua erabakiko zela ematen bazuen ere, minutu eta erdira berdinketa lortu zuen Metropolitano B taldeak. Hiruko berdinketarekin amaitu zen partida.

Bost minutuko luzapenean ez zen golik izan, eta horiek horrela, garaipena penaltietan erabaki behar izan zen. Burdinolak irabazi zuen partida bi gol sartuta, eta Metropolitano Bk bakarra.

Klubeko kideak pozik agertu dira "denboraldi oso ona" egin duelako taldeak, eta datorren urtean Espainiako Txapelketan jardungo dute bi maila ezberdinetan: urrezko infantiletan eta emakumezko seniorretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak