Finalerdietarako txartela eskuratu dute Etxezarreta eta Rezusta bergararrek

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko eka. 12a, 10:38

Udaberriko txapelketako final-laurdena aise irabazi dute Mikel Etxezarreta eta Aritz Rezusta bergararrek, Eibarko bikotearen aurka (22-12). Finalerdietan, Errenteriako bikotearen aurka arituko dira hurrengo astebukaeran.

Nagusien 2. mailako Udaberri txapelketako finalerdia jokatuko du Bergarako Etxezarreta-Rezusta bikoteak, egubakoitzean 22-12 irabazi ondoren, Azkargorta eta Agirresarobe eibartarren kontra.

Sekulako hasiera eman diote bergararrek norgehiagokari, eta Etxezarretaren sake indartsuari esker, 10-0eko abantaila ezarri dute Bergarako pilotalekuan. Rezustaren akats bati esker heldu da eibartarren lehen tantoa (10-1), baina etxekoek sendo jarraitu dute kantxan, defentsa bikainarekin. Azkargortak eta Agirresarobek susperraldia izan dute, aurreko koadroetan asko arriskatu ostean (12-6), baina Bergarako bikoteak ondo baliatu du markagailuko aldea (17-6).

Eibarko atzelaria akatsak pilatzen joan da partidak aurrera egin ahala, baina aurrelariak min egin dio sakearekin Aritz Rezustari (18-11). Markagailuan zazpi puntuko aldea lortu dutenean, orduan etorri da partidako une erabakigarria, Mikel Etxezarretak bi paretakoarekin tanto ederra lortu baitu (19-11) eibartarren susperraldia geldituz.

Azkenean, 22-12koarekin Udaberriko txapelketako finalerdietarako txartela Bergarako bikoteak erdietsi du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak