Olaso Dorrearen artxibategiak bi ekarpen jaso ditu berriki. Alde batetik, Telesforo Monzonen hileta eguneko argazkiak eskaini dizkio Bergarako Antonio Iturbe argazkilariak fundazioari. Eskainitako bilduma honek Monzonen gorpua Bergarara heldu eta hilerrian ehortzi arteko irudiak biltzen ditu. Argazki hauek digitalizatuak izan ondoren jabeari itzuli zaizkio, Olaso Dorrearen argazki artxiboa aberastea lortuz.
Bestetik, Punto y Hora, Argia, Zutik eta beste hainbat aldizkarien bilduma osoak iritsi dira fundaziora, Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarraren eskutik.
Olaso Dorrea Fundazioa
Bergaran aurkitzen den Olaso Dorrea Fundazioa ondare dokumental eta bibliografiko garrantzitsu baten jabea da, hala nola, Olaso Dorrearen funtsa, Monzon-Ganuza funtsa, Isidro Monzonen funtsa, George Lacombe funtsa edota Anai Artea eta Piarres Larzabalen funtsak. Ondare bibliografiko eta argazki ondare zabala ere aurkitzen da bertan. Egitasmoa, berau zabaltzen eta indartzen joatea da, Euskal historiaren lekuko gisa.