Hainbat botila eta zikinkeria San Martzialen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 7a, 10:34

Bergarako Udalak sare sozialetan partekatu duen bideoan ikus daitekeenez domeka goizean hainbat zikinkeria aurkitu zuten Udaleko langileek San Martzialgo ermitako arkupeetan, zapatu gauean botila festak izan ziren seinale. Askorendako "lotsagarria" da ermitak domeka goizean zuen itxura.

San Martzialera igotzen dena jaitsi egin behar dela gogorarazi nahi izan die Udal Gobernuak herritarrei: "Ahaztu egin zaizue San Martzialen utzitakoak jasotzea? Joaneko bidaia baino arinagoa buelta, ezta? Zuekin eraman hurrengoan, ondoren joaten garenok ez ditugu hauek bertan topatu nahi. Eskerrik asko!".

Horrekin batera, espazio publikoak zaintzea "guztion" ardura dela diote: "Espazio publikoak guztiok erabiltzeko dira, eta denoi dagokigu hauek zaintzea. Garbi egotea gustatzen zaigu bertan disfrutatu ahal izateko, ondoren joango direnei errespetuz, garbi mantentzea dagokigu. Zentzuzkoa da hori, beti izan da horrela. Baina, ez hori bakarrik, garbiketan bitarteko gehiago inbertitu behar izateak, gastuaz gain. Eta diru publikoaz ari gara; beraz, hori zaintzea dagokigu, badakar langile horiek beste lan batzuk ezin egitea".

Udal Gobernuak "lan pedagogikoa" egin nahi duela ere gaineratu du: "Heziketa eta hezkidetza kontu bat da hau. Kontzientziazioan eragin behar da. Edozein motatako edozein gune publikoko erabiltzailek, edozein espazio erabiltzen duela, jakin behar du, beti izan den moduan, zentzuz jokatzen, elkarbizitza errespetatzen. Udal Gobernuaren ustez, jokaera hauek oso desegokiak dira eta horiek heziketa bitartez bideratu behar dira, edukazio kontua bada, elkarbizitza kontua. Bestelako neurri batzuk hartzea ez da hauek baino eraginkorragoa izango".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak