Beasain-Bergara arteko autobidean bidesaririk ez jartzeko eskatu dute eguerdiko auto karabanan

Oihana Elortza 2021ko eka. 5a, 16:37
Auto karabana Bergarako Labegaraieta auzoa zeharkatzen.

Aldundia gezurretan ari dela eta bidesaria jartzearen arrazoia bederatzi banketxeei eskatutako kredituan ezarritako baldintza dela diote A-636 Peajerik Ez! plataformako kideek. Gipuzkoan bidesaririk gabeko beste errepide batzuk ere badirela gaineratu dute, eta bi eskualde hauen alde Aldundiak ez duela lanik egin gura gehitu.

A-636 Peajerik Ez! plataformak eta Hiru sindikatuak deitutako auto karabana Zumarragatik Beasainera egin dute lehenengo eta Beasainetik Bergarara etorri da gero. A-636 errepidean bidesaria jartzea eskualdeendako "kalte izugarria" izango litzatekeela uste dute, "langile, ikasle eta gaixoek erabiliko dugun alternatiba bakarra delako".

Aldundiak eskainitako abiatu sistemari buruz, ez duela denendako balio diote: "Garraiobide handiak behartuak egongo dira A-636 autobidea erabiltzera, beste bideak ezingo dituztelako erabili. Eta abiatu sistema partikularrendako bakarrik da, garraiolariek ezin dute hori erabili eta eskaintzarik gabeko bidesaria ordaindu beharko dute. Horrek ekarriko du produktuen prezioen igoera". Sistema honi lotuta, urtean kostu bat duela dio eta gaineratu: "Bidegiko zorrak ordaintzeko eskaintzen digute, beraien gestio txarraren ondorioz sortutako kalteak ordaintzeko".

Bidesaria jartzea ez dutela bidezkoa ikusten uste dute. "Aldundiak dio erabiltzen duenak ordaindu behar duela, baina Gipuzkoan badaude bidesaririk gabeko bideak eta justu gure zonaldean jarri dute bidesaria. Peajea jartzea Europak ezartzen duen nahi eta nahitaezko kondizioa dela ere badio Aldundiak, baina guk jakin badakigu horren arrazoi bakarra dela bederatzi banketxe ezberdinei eskatutako kredituan ezarritako baldintza dela. Hemendik aurrera ez da Aldundia izango prezioa jarriko duena, baizik eta banketxeak".

Errepide berria dagoeneko zuloz beteta dagoela ere esan dute plataformako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak