Kadete mailako erlojupekoa Bergaran, domekan

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 4a, 12:00

Ulmako ziklista bat lasterketa hasteko gertu, duela bi urtetako erlojupekoan, Bergaran.

Poliki bada ere, txirrindularitza denboraldia ere badabil normaltasunera itzultzen. Amateur mailako Gorlako Igoera da aurten ibarrean egin den lasterketa bakarra, eta San Antonio sariak hartuko dio erreleboa domekan.

Lokatzak aurten antolatu duen bigarren hitzordua jokatuko dute, San Antonio kalean hasita, domekan. 17:00etan, Gipuzkoako kadete mailako erlojupekoa egingo dute, bai gizonezkoen eta baita emakumezkoen kategorietan. Izan ere, ez du zerikusirik beste urte batzuetako lasterketa kopuruarekin, baina amateurrekin batera hasi dira kategoria txikiagoetako lasterketak ere itzultzen. Hala, Lokatzako antolatzaileek 120 ziklista inguru espero dituzte irteera puntuan, eta banan-banan irtengo dira: "17:00etan puntuan hasiko da proba, eta 30 segundoko tartearekin abiatuko dira ziklistak Bergarako San Antonio kaletik Antzuolarantz. Han, herrira iritsi baino lehenago dagoen biribilgunea baino apur bat lehenenago buelta erdi hartuko dute ziklistek; horrela, saihesbidetik Antzuolarako zirkulazioa ez dugu etengo. 2019ko lasterketako denborak begira ibili gara, eta erreferentziek diote azkarrenak 10 minutu pasatxo beharko dituela erlojupekoa egiteko. Gehienak 11 eta 15 minutu artean ibiliko dira", adierazi du Lokatzako Iñigo Larrañagak.

Entrenatzaile bergararrak nabarmendu du klubeko ziklista askok ezin izango dutela esku: "Asko aramaioarrak dira, eta horiek Arabako lizentzia daukate. Pena da, baina, tira, Arabako erlojupekora joango gara horiekin". Hala, domekan lasterketan izango diren ibarreko ordezkariei dagokienez Aloña Mendiko Arregi, Beristain eta Zubia proban esku hartzeko moduan egongo dira. Lokatzak, berriz, Errasti eta Garitano antzuolarrak eta Arenaza bergararra izango ditu irteera puntuan. Nesketan, Itsaso Plaza lasterketan izango da.

Uzarragako Igoera, 13an

Pandemia egoeragatik martxoan bertan behera utzi behar izan zuten Uzarragako Igoera datorren asteburuan, ekainak 13, egingo dute Peña Ayastuiko lagunek. Antolatzaileek 59 kilometroko lasterketa prestatuko dute, eta, 23. kilometroan Deskarga igo eta gero, Oñatitik bueltan Uzarragako maldei egingo diete aurre ziklistek. Aurreikuspena da lasterketa 12:00etan amaitzea.

Uztailean hitzordu dezente

Bestalde, uztailean hitzordu dezente izango dira ibarrean txirrindularitzaren bueltan. Aurreikuspena da uztailaren 4an Oñatin kadete mailako lasterketa izatea; uztailaren 10ean, berriz, juniorrak izango dira Oñatin; eta hilaren 11n, Antzuola saria jokatuko dute, Lehendakari barruko proba; hurrengo asteburuan, uztailak 18, Gatzagak hartuko du erreleboa, Euskaldun Torneorako puntuagarria den Dorletako Ama Sariarekin; eta uztailaren 23an, emakumezkoen lasterketa egingo dute Bergaran. Hasiera batean, hori da egutegiak dakarrena; ikusteko dago antolatzaileak proba guztiak egiteko moduan egongo diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak