Entseguetara bueltatuta, emanaldi gogoz da Banda

Jone Olabarria 2021ko eka. 4a, 17:03

Musika Banden Euskal Federazioak egindako lanarekin, Jaurlaritzarekin protokoloa zehaztu eta aurrez aurreko entseguetara itzuli dira musika bandak; Bergarakoa ere bai. Asteon egin dute "gogo handiz" hartu duten lehen entsegua.

Azaroko kontzertua prestatzen ari zirela, bertan behera utzi zituzten aurrez aurreko entseguak Bergarako Musika Bandako kideek. "Prebentzioagatik" erabaki zuten entsegu presentzialak etetea, baina handik egun gutxira etorri zen ostera ere Jaurlaritzaren debekua.

Asteartean, lehen entsegua

Ordutik hona, etxetik ibili dira musika egiten, "ahal den moduan". Aste honetan ikusi dute berriz elkar, Zabalotegi aretoan asteartean egin zuten entseguan. Bandako zuzendari Enrike Txurrukak azaldu duenez, "gogo handiz" bueltatu dira: "Kide bakoitzaren egoerak oso desberdinak direnez, errespetatu egin dugu zeinek nahi edo ahal duen orain hasi eta zeinek geroago. Kontsultatu ostean, orain, 45 kide ingururekin hasi gara, entseguak erdi eta erdi egiten, pare bat egunetan, bakoitzean hogei edo 25 bat kiderekin".

Jaurlaritzaren baimena

Martxoan sortu zuten Euskal Musika Banden Federazioa, eta, horrek egindako lanari esker, Eusko Jaurlaritzak protokolo orokor bat onartuta iritsi da berriz ere entseatzeko aukera: "Orain, protokolo hori bakoitzak bere lokal, kide kopuru eta ezaugarrietara egokitu behar izan du martxan hasi ahal izateko". Oraingoa bezalako kasuetan soilik ez, epe luzerako ere, Federazioa eratu izana "baliagarria" izango dela uste du Txurrukak: "Azken batean, denak batera egonda, zalantzak daudenean ere dena errazagoa da".

Protokolo berri horrek zenbait moldaketa ere eragin dituela azaldu du Txurrukak: haize-instrumentuekin aritu eta, ondorioz, maskara gabe entseatzen duten musikarien arteko distantzia metro eta erdikoa izatetik bi metrora pasa da.

Kontzertuak berreskuratzeko

Txurrukaren arabera, emaitza musikala "ez da, ziurrenik, egokiena izango", baina helburu nagusia martxa berreskuratzea izango da: "Ekaineko eta uztaileko ekitaldiak eskaintzea gustatuko litzaiguke, baina badakigu hainbeste denboraren ostean lan egin beharko dugula. Hala ere, oraindik ikusteko dago nola egin daitekeen, eta musikarien egoera zein den".

Musikariez gain, Bergarako Musika Bandak dituen jarraitzaile fidelak ere "gogoz" daude emanaldiez berriz ere gozatzeko: "Kontzertuetan ohikoak direnek, kalean ikustean, esaten digute ea noizko emanaldi edo kontzerturen bat. Hori espero dugu, segurtasun neurri guztiekin berriz ere bueltatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak