Jon Ander Eizagirre: "Eguna sukaldean pasata, etxean zerbait azkarra"

Jone Olabarria 2021ko mai. 31a, 11:53

Bergarako ez-jaien saio berezian parte hartu ostean, eta urteetako esperientziatik, sukaldari lanbidea gertutik azaldu du Eizagirrek, baita ostalaritzak bizi duen egoera.

Hamabost urte daramatza Tartufoko sukaldean lanean Jon Ander Eizagirre arrasatearrak. Ostalaritzak bizi izan dituen "hilabete zailen" ostean, eta SOS ostalaritza dioen pankarta atean dutela, bezeroen erantzuna eskertu nahi izan du. GOIENAK egindako Pentekoste ez-jaien saio berezian hartu du parte: sasoiko barazki-parrilada prestatu du.

Zer da sukaldari izatearen gauzarik onena?

Ba, esango nuke urte hauetan guztietan ezagutu dudan jende guztia eta izan ditudan lankideak direla onena.

Bezero onak dira bergararrak?

Bai, oso onak. Ez dugu inongo kexarik, erantzun itzela eman dute momentu zail hauetan. Bergararrak soilik ez, gertuko herrietakoak ere hartu ditugu.

Non jan duzu ondoen gure bailaran? Gomendioren bat...

Arrasatearra izanda, Taxka taberna gomendatuko nuke, lagunak izateaz gain, oso lan ona egiten dutelako. Bestela ere, Bergaran Sirimiri eta Zumelaga aipatuko nituzke; berritzen ahalegin handia egiten dute eta betikoari beste buelta bat ematen diote.

Sukaldaria izanda, zuen etxean ere plater elaboratuak edo azkar egindako zerbait?

Egun osoa sukaldean sartuta, eta etxera joandakoan, zerbait azkarra eta lan gutxi ematen duena. Konfinamenduak ere eragina izan zuen horretan.

Norekin egingo zenuke otordu eder bat? Zergatik?

Gaur egun, uste dut, lehenik eta behin, nire gurasoekin egingo nukeela otordu bat, beldur handiz bizi izan dutelako pandemia. Bestela ere, uste dut lagunekin egingo nukeela.

Zer menu prestatuko zenioke txunditu nahiko zenukeen norbaiti?

Menua ez dakit, baina, zalantza barik, erreboiloa (rodaballoa) labean plateren artean egon beharko litzateke.

Tartufoko menuak dituen aukeren artean, zer plater gomendatuko zenuke?

Haragizaleak badira, eta gurera etorrita, masailak (karrillerak) saltsan probatzeko esango nieke.

Erosketak, Interneten ala modu fisikoan?

Ba, jatetxerako, beti saiatzen gara herriko dendekin edo ekoizleekin lan egiten, egunean egunekoa erosita; adibidez, barazkiak eta frutak. Haragiaren kasuan, zailagoa izaten da, eta enkarguz egin ohi ditugu eskariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak