Aitor Arregi: "Igoera honek bizitza aldatuko digu askori"

Jone Olabarria 2021ko mai. 28a, 11:21

Eibar taldearekin igo zen Bigarren B Mailatik Lehenengo Mailara Aitor Arregi atzelaria (Bergara, 1990). Zapatuan, Badajozen aurka irabazi ostean, Bigarren Mailara itzuliko da bergararra datorren denboraldian, Amorebietarekin.

Talde "umila" izanda ere, jokalariek eta taldeak "posible zela" uste izan dute hasieratik, eta maila aldaketak taldekide askori "bizitza" aldatuko diela uste du jokalariak, profesional mailara bueltatuta.

Ez zineten faborito moduan joan Badajozera, baina aipatu duzue konfiantza handia izan duzuela beti zuengan...

Bai; 102 talde zeuden Bigarren B Mailan eta gu izango ginen aurrekontu txikiena zuten lau edo bosten artean sartzen zen taldeetako bat. Inork ez gintuen igoera honetan espero, baina guk konfiantza handia genuen taldearengan, jokalariengan. Urteak daramatzagu askok batera jokatzen, eta nik uste dut horrek eraman gaituela une honetan gauden lekura.

Zelan bizi duzue pasa berri den asteburu hau?

Lagunak, familia, gertukoak...Badajozera joan ziren, eta, egia esanda, oso polita izan da. Jai bat izan da denontzat. Inork ez zuen espero Badajozen, eta Badajozen aurka, gainera, irabaz-tea. Eguna oso polita izan zen, berezia guretzat.

Zelako balioa du igoera honek Amorebieta bezalako futbol talde batentzat?

Talde oso umila gara, herriko talde bat; Bigarren Mailarako saltoa ematea oso handia da. Askori bizitza aldatuko digu. Profesional izatera pasatuko gara; jende askok lan egiten zuen futbolean jokatzeaz gain; orain, profesionalki futbolera dedikatzeko aukera izango du.

Nola definituko zenuke Amorebieta, talde moduan?

Oso lehiakorrak gara; banaka ez daukagu hainbeste, baina talde moduan oso gogorrak gara. Gure aurka irabazteko gauzak oso ondo egin behar dira, guk beti defendatzen dugu gurea, eta aurkariak ez badauka oso egun onik, zaila izan daiteke gure aurka garaipena lortzea.

Zein da helburua Bigarren Mailan egingo duzuen denboraldi honetan?

Disfrutatzea, ahal den eta modurik onenean lehiatu eta ea denboraldi on bat egiterik dugun. Baina, batez ere, disfrutatzea tokatzen da.

Bizitza aldatuko dizuela diozu, baina aurretik ere egon zara antzeko egoera batean..

Bai; aurretik ere izan dut zorte hori. Pare bat igoeratan egoteko aukera izan dut, baina, batez ere, jende gaztearengan pentsa-tuz diot, haiei aldatuko zaie bereziki bizitza.

Eibarren jaitsiera zela bizi izan duzu?

Orokorrean, penaz. Nahiz eta pozten nauen datorren denboraldian elkarren aurka jokatzeko aukera izateak. Harreman estua dut taldearekin; fisio, entrenatzaile eta kide askorekin. Lagunak ditut. Zazpi urtez Lehen Mailan egon ostean, espero dezagun Bigarren Mailan denbora laburrez egotea eta berriz Lehen Mailara igotzea.

Zela gogoratzen dituzu Eibarrekin bizitako urte haiek?

Dena ondo irteten zen bi urte izan ziren, oso giro polita genuen, aldagelan ere ederto moldatzen ginen. Bi igoera jarraian lortu genituen eta oso berezi sentitu genituen, maitasunez bizitakoak.

Datorren denboraldian hainbat euskal taldek bat egingo duzue Bigarren Mailan...

Ilusioz bizi dugu; beste taldeekin ere komentatzen egon gara azken asteetan, eta ideala zen bai Sansek eta baita Bilbao Athleticek ere igoera lortzea. Pena izan da Bilbao Athleticena, baina argi dago euskal futbolak arrakasta duela, sasoi oneko dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak