Jeltzaleen arabera, alarma egoera bukatzeak ez du pandemiaren eragina baretu. "Egoera larria da oraindik eta pertsonak kutsatzen jarraitzen dute, gaixotzen, hiltzen… Txertatze kanpaina aurrera doan arren gaixotasunaren kaltea ez da desagertu. Datozen hilabeteetan arduraz jokatzea dagokigu".
Pentekosteak bigarren urtez jarraian ospatu barik egon behar arren "zentzuz, arduraz eta konpromisoz" jokatzeko garaia dela dio EAJk: "Guztion ardura da, norberarengandik hasiz erantzukizun hori hartuz. Guregatik eta gure inguruan daudenengatik, gehien maite ditugunengatik. Gaixotasunak erakusten digu ahulenak ez ezik, edonor eraman dezakeela. Izango dugu aukera Bitorianatxoren jaitsieran, zezen ikuskizunak, bandaren kontzertua, kuadrillen eguna, erraldoien eguna, dantza ikuskizunez… disfrutatzeko aukera. Bitartean, zentzuz jokatu, elkar zaindu eta errespetatu gaitezen guztion onurarako izango baita, hurrengo urtean behar den moduan Pentekoste jaiak ospatzeko moduan izan gaitezen".