Ikuskizunen sektorearekin lotura estua izan du betidanik Valen Moñuxek. Alizia musikalerako ikasi zuen animazio birtualak egiten, hainbat programa baliatuz, eta, itxialdian "asko ikasi" ostean, iazko Pentekosteetarako sortu zituen Bitorianatxoren lehen igoera eta jaitsiera birtuala: "Orduko egoera oso ezberdina eta larria zen, eta bergararrekin ospatzeko aukera eman zuen, hein batean".
Aurtengo mezua, gaurkotuta
Egungo egoera kontuan izanda, "itxaropen" mezu bat bidaliko die bergararrei Bitorianatxok, aurten birusak eskatzen dituen neurriekin jaiez gozatu eta datorren urtera begira ohiko festak berreskuratzeko asmoz.
Bitorianatxok urtero egin ohi duen moduan, gaur, egubakoitza, Seminarixotik abiatuko da udaletxeraino, jaitsiera birtualean. Ohitura mantenduz, Miguel Gonzalez Bastidaren Pobres y Alegres doinua izango du lagun ibilbidean zehar, eta udaletxeko balkoitik zuzenduko zaie bergarar guztiei.
Harrerarekin eskertuta
Pandemiak eraginda, ikuskizun eta ekitaldi kulturalek bizi duten egoera "ez da ona", baina, hala ere, halako ekimenak "gogoz" hartzen dituzte herritarrek, Moñuxek azaldu duenez: "Iazko egoera eta aurtengoa nahiko ezberdinak dira, baina, hala ere, jaiak ezohikoak izango dira, beste behin. Iazko bideoak mila ikustalditik gora izan zuela ikusteak asko pozten nau, niretzat izugarria da".
Bitorianatxorekin soilik ez, hiru erregeen desfilea irudikatzeko ere egin zuen herrian zehar ibilbide birtuala Moñuxek: "Azken orduan erabaki nuen egitea, nire kontura izan zen dena, eta orduan, sare sozialetan zabaldu nuen. Herritar asko gerturatu zitzaizkidan eta esan zidaten oso gustura ikusi zutela, baita sare sozialetan asko ibiltzen ez den adineko jendeak ere".
Martitzenean, kontrako bidea
Gaurko ibilbidea kontrara egingo du martitzen iluntzean Bitorianatxok, datorren urtean plaza bete jende egoteko itxaropena galdu gabe, beste behin.