Gorka Artola: "Moldatutako eskaintza behar zela argi genuen"

Jone Olabarria 2021ko mai. 21a, 11:05

Kulturan inbertitzen duen herria "herri aberatsa" dela sinetsita, ekitaldiez gozatzera animatu ditu herritarrak, "erakutsi duten elkar zaintzeko prestutasunari eutsiz"

Gaur hasi eta martitzenera arte, udakoaren "mokadua" izango den eskaintza antolatu dute.

Aurten ere, jairik ez; 2022an, hirugarrenean, bai?

Une honetan zaila da jakitea zein egoeratan egongo garen, baina nahiko nuke datorren urtean jaiak ohi bezala ospatzea, osasun pandemia gainditu den seinale izango litzateke.

Bost ekitaldi antolatu dituzue, Xaxau konpartsarekin batera...

Pentekosteak ohi bezala ezingo genituela ospatu ikusi genuenean, osasun egoerak ahalbidetzen dituen ekimenak egitearen al-deko apustua egin zuen Udalak, eta eragileei hala adieraz zitzaien, proposamenak egin zitzaten. Ezer ez egitea baino gehiago, egoerari moldatutako eskaintza egin behar zela argi genuen.

Diozue udako kultura ekitaldien "mokadua" direla egunotakoak. Ze duzue buruan udarako?

Uste dugu, eta bide horretan ari gara lanean, kulturan inbertitzen duen herria herri aberatsa dela, bizipoza eragiten diela herritarrei eta une honetan bereziki gaudela horren beharrean. Horregatik, eta iazko udan hasi eta urte osoan egindako bideari jarraituz, Kultura Mahaiarekin eta beste eragile batzuekin dagoeneko hasi gara udako kultura egitaraua lantzen. Udako menu oso horren mokadua edo aurre-rapena da maiatzaren 21etik 24ra bitarteko hau.

Egun hauetan, jaietako ohiko izan den beste ekitaldiren bat egiteko aukerarik ez duzue ikusi?

Xaxau eta Kopla Barik taldeek prestatutako proposamenean izaera askotariko kultura adierazpenak jasotzen dira, herritarren nahi eta beharrei erantzungo dietenak. Adin askotariko bergararrentzat pentsatutako ekimenak dira. Eta horri gehitu behar zaio igandean haur jaioberriei udaletxean egingo zaien harrera.

Aukerarik bada sanmartzialak edo sanmartinak ospatzeko?

Ez dut uste azti-lanak egiteko unea denik. Pandemia honek erakutsi digun gauzetako bat izan da egoera aldakorra dela eta unean-unean hartu behar direla erabakiak; beraz, osasun egoeraren eboluzioak erakutsiko digu hori.

Ekitaldi ofizialik ez egon arren, hainbatek ospatuko dituzte egun hauek. Ze mezu bidali nahi duzu?

Bergararrei eskatu nahi nieke zentzuz joka dezaten egun hauetan ere. Orain arte erakutsi duten elkar zaintzeko prestutasunari eta gaitasunari eustea, ez dezagun azken asteetako osasun egoeraren hoberako joera zapuztu. Horrekin batera, kultura gozatzera ere gonbidatu nahi ditut, egoera zail honi aurre egiten laguntzen duelako eta kultura segurua delako.

Zuk zeuk zer egingo duzu?

Alkatearen ardurak uzten nauen neurrian, neu ere saiatuko naiz ekitaldi horietaz gozatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak